Ekonomia -

Hautagai sozialista

Carlos Zapatero, Vital Kutxako presidente berria

PSEren eta EAJren babesa jaso du hautagai sozialistak. Bien bitartean, PP eta Aralar abstenitu egin dira, eta beste ordezkari batzuek boto zuria eman dute, besteak beste, EAkoek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Zapatero Lan sailburuorde ohia Vital Kutxako presidente berri aukeratu dute. PSEren eta EAJren babesa jaso du hautagai sozialistak Arabako aurrezki-kutxaren Administrazio-kontseiluan, arratsaldean.

Vital Kutxako iturriek jakinarazi dutenez, lehenengo Ezohiko Batzar Orokorra egin du aurrezki-kutxak eta ondoren Administrazio-kontseilua bildu da. Batzarrean Zapatero bokal hautatu dute, presidente aukeratzeko aurretiazko pauso gisa.

Gregorio Rojo ordezkatu du Zapaterok bokal gisa. PSEren eta EAJren babesa jaso du hautagai sozialistak. Bien bitartean, PP eta Aralar abstenitu egin dira, eta beste ordezkari batzuk boto zuria eman dute, besteak beste, Eusko Alkartasunakoek.

Batzarreko 100 kideetatik, 83 izan dira Batzarrean, horietatik 44k Zapateroren alde bozkatu dute, 18k zuri, bakarrak baliogabeko botoa eman du eta 20 konpromisari abstenitu egin dira.

PPren demanda

Batzarra bertan behera uztea eskatu zuen PPk, eta iragan asteartean demanda judiziala aurkeztu zuen, Zapateroren izendapena saihesteko. Epaiak Rojoren hautagaitza baliogabetzat jo zuela uste du Alderdi Popularrak.

Horregatik, Administrazio-kontseiluan PPko hiru kide sartzea eskatzen du PPk, 2008ko martxoan bigarren zerrenda bozkatuena izan zelako. Gaurko bozketaren aurka egin dezaketela iragarri du Alderdi Popularrak.

Vital Kutxak, ostera, arratsaldeko Batzarrarekin Rojoren izendapena baliogabetzat jo zuen sententzia betetzen ari direla uste du, Rojok eta beste bi bokalek dimititu egin zutelako.

Alfredo de Miguel foru-diputatu (EAJ) ohia eta Arabako ustezko ustelkeria auziko inputatu nagusia eta Aitor Telleria EAJko lurralde exekutiboko kide ohia Vital Kutxaren Batzarrean izan dira.

Lehen adierazpenak

BBKri eta Kutxari "euskal finantza-sektore indartsu" bat sortzeko gonbitea luzatu die Vital Kutxako presidente berriak, "errespetuaren eta lankidetzaren bidez".

Hautatua izan ostean, Zapaterok bere lehen adierazpenak egin ditu. Aurrezki-kutxak hazi beharra duela goraipatu du Vital Kutxako presidenteak, baina "beti ere gure nortasun arabarra mantenduz eta sendotuz".

Horregatik, BBKri eta Kutxari dei egin eta etorkizunean "euskal finantza-sektore sendo" bat osatzea proposatu die Zapaterok. BBK eta Kutxa "aurrezki-kutxa anaiak" direla azaldu du.

Profila

Vital Kutxako presidente berria Errioxakoa da, 58 urte ditu, Zuzenbidean lizentziatua da, lan-ikuskatzailea izan da oposizioa atera eta gero eta Administrazio Publikoan lan egin zuen hainbat hamarkadetan.

Eusko Jaurlaritzako Inspekzio zuzendaria eta Lan Saileko zuzendari nagusia izan da, eta joan den astera arte Lan Saileko sailburuordea izan da Lan eta Gizarte Gaietarako Sailean. Vital Kutxako presidente izateko Lan sailburuordetza utzi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea