Ekonomia -
EAE
EAEko aldundiek zerga-erreforma aurkeztuko dute 'udaren ostean'
Arabako Ogasun Diputatuak iragarri du helburua aldaketak 2018ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzea dela.
agentziak | erredakzioa
Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun diputatuak iragarri du EAEko hiru lurraldeetako aldundiek arau fiskalak "hobetzeko eta egokitzeko" neurriak aurkeztuko dituztela "udaren ostean". Aldaketa horiek 2018ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzea da helburua.
Cimianok Arabako Batzar Nagusien egoitzan egin du iragarpena, 2013ko zerga-erreformaren balantzea egiteko eman duen prentsaurrekoan.
Ogasun diputatuak esan du zerga erreforma horrek aurreikusitako "helburuak bete" dituela, diru-bilketa handitzea eta zerbitzu publikoei "eustea" ahalbidetu duelako, lurraldeko enpresen lehiakortasuna kolokan jarri gabe.
Gainera, iragarri du hiru lurraldeetako aldundiak elkarrekin lanean ari direla neurri fiskal berriak hartzeko, egungo zerga araudia "hobetzeko eta egokitzeko". Erreforma horiek "udaren ostean" aurkeztuko omen dituzte, 2018ko urtarrilaren 1ean indarrean egon daitezen.