Ekonomia -

Langileen nazioarteko eguna

Maiatzaren 1eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute sindikatuek

ELAk botere ekonomikoei eta politikoei 'kontuak eskatzeko' autonomia aldarrikatuko du eta LABek subiranotasunaren alde egingo du, eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko helburuarekin.

Aldarrikapenez beteko dira euskal hiriburuak

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 1aren atarian, botere ekonomikoei eta politikoei "kontuak eskatzeko" ekintza-autonomia aldarrikatuko du ELA sindikatuak, "bidezkoago" den gizartea eraikitzeko asmoz.

Horrela mintzatu da Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia aste honetan Bilbon izandako prentsaurrekoan. Gainera, iragarri duenez, Maiatzaren 1ean Bilbon eta Iruñean egingo dituzten manifestazioetan protagonismoa emango zaie Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileei, azken 14 hilabeteak borrokan eman baitituzte euren lan-baldintzak eta soldatak hobetze aldera.

ELAk deitutako lehen hitzordua Bilboko Jesusen Bihotzean izango da, 11:45ean. Ordu horretan ekitaldia egingo dute, eta ELAko idazkari nagusi Adolfo Txiki Muñozek, zerbitzu publikoen arduradun Esther Saavedra eta Bizkaiko Egoitzetako ELAko ordezkari Soraya Garciak parte hartuko dute.

Ondoren, manifestazioa egingo dute Kale Nagusitik abiatuta Bizkaiko Foru Aldundiraino, eta jendetsua izatea espero dute. Aldundi parean Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileei elkartasuna adierazteko ekitaldia egingo dute.

Bestalde, Iruñeko manifestazioa 12:00etan hasiko da, Gurutze Plazatik abiatuta.

LAB

Bestalde, LABek martxak deitu ditu biharko Baionan, Bilbon eta Iruñean, 11:00etan, 12:00etan eta 12:15ean, hurrenez hurren. Subiranotasuna izango dute ardatz mobilizazio horiek, "bizitza duina eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen dituen eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko helburuarekin".

LABen iritzian, "garai berri baten atarian gaude, Katalunia edo Eskozia bezalako lurraldeak independentziarako bidean baitaude". "Gurean ere gero eta pertsona gehiago gara, kapitalaren diktaduraren aurrean, gure lan-baldintzen gainean erabaki nahi dugunak", adierazi du sindikatuak.

Igor Arroyo LABeko bozeramailearen hitzetan, Nafarroako "demokratizazioak nabarmen egin du aurrera", Gobernu aldaketa gauzatu zenetik, baina "aldaketa hori oraindik ez da egunerokotasunean islatu".

UGT eta CCOO

UGT eta CCOO sindikatuek dei bateratua egin dute biharko Hego Euskal Herriko hiriburuetan enplegu egonkorra, soldata eta pentsio duinak, eta pobreziaren aurka borrokatu ahal izateko babes sozial handiagoa eskatzeko, eta hori izango da, hain justu, 12:00etan abiatuko dituzten martxen leloa.

Ekoizpena handitzeko eta aberastasuna gizartearen mesederako izateko xedez, beharrezkoak diren erreformak eta aldaketak babesteko eskatu diete UGTk eta CCOOk Espainiako Gobernuari, erkidegoei eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei agiri bateratu baten bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostia bideoak Iruñeko bideoak Eusko Langileen Alkartasuna LAB Baiona Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak