Ekonomia -
Higiezinen merkatua
Etxebizitzen salmenta %44 igo da Euskadin iazko ekainaren aldean
Estatuan, igoera aurreko hilabeteetakoa baino txikiagoa izan da, %7 igo da, hain zuzen. Bitartean, etxebizitzen prezioak %4,3 murriztu dira uztailean.
Erredakzioa
2009ko ekaineko igoerarekin alderatuta, aurtengoan %44,7ko hazkundea izan du etxebizitzen salerosketak Euskadin. Estatuan, berriz, igoera txikiagoa izan da, %7, Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera.
Konkretuki, EAEn 1.778 salerosketa egin dira ekainean, horietatik 905 Bizkaian, 367 Gipuzkoan eta 506 Araban. Horren ondorioz, mila biztanlerekiko 99 salerosketa izan dira.
Salerosketa gehienak etxebizitza askearen merkatuan egin dira, 1.307 guztira, urteko %24ko hazkundearekin. Babestutako etxebizitzaren merkatuari dagokionez, 471 operazio egin dira, iaz baino 296 gehiago.
Salerosketa guztien artean, 926 erabilitako etxebizitzenak dira. Merkatu horretan %17ko hazkundea izan da. 852, berriz, etxebizitza berriak dira, %93ko hazkundearekin.
Guztira, Euskadin 6.357 finkek jabez aldatu dute (356 mila biztanlerekiko), horietatik 3.583 salerosketa bitartez (mila biztanlerekiko, 200).
Igoera txikiagoa Estatuan
Ekainean 37.297 etxebizitza salerosketa egin ziren guztira, iazko ekainean baino %7 gehiago. Aurreko hilabetetako datuekin alderatuta, ekaineko hau hazkunde ertaina izan da.
Estatistikako Institutu Nazionalak ateratako datuen arabera, erabilitako etxebizitzen salerosketak dira merkatuari eusten jarraitzen diotenak. Ekainean 19.339 jabe aldaketa egin ziren, aurreko urtean baino %17,1 gehiago.
Bestalde, etxebizitza berrien salmentek behera egin zuten ekainean, guztira 17.958 operazio egin ziren, hau da, %2,1 gutxiago.
Seigarren igoera jarraian
Urtetik urterako tasari dagokionez, ekainean izandako etxebizitza salerosketek gora egin dute seigarren hilabetez jarraian, baina apirila eta ekainean baino moderatuago. Aurreko bi hilabete horietan %11,9 eta %17,6 handitu ziren.
Azkeneko bi urtetan, urtetik urterako tasak behera egin ondoren, urtarrila izan zen gora egin zuen lehen hilabetea, %2,1eko hazkundearekin.
Hiletik hilerako datuetan berriz, eta maiatzeko datuekin konparatuta, bigarren eskuko etxebizitzen salerosketek gora egin dute %3,4. Etxebizitza berrienak, ostera, %5,9 jaitsi dira.
Etxebizitza libre eta babestuen artean, %0,9 eta %5,1eko jaitsierak eman dira, hurrenez hurren, beti aurreko hilabeteko datuak oinarri bezala hartuz.
Urtarrila eta ekaina artean, eta iazko lehen seihilekoarekin alderatuta, etxebizitzen salerosketek %10,7ko hazkundea pilatu dute. Igoera erabilitako etxebizitzetan (%19,4) eta etxebizitza berrietan (%3,3) eman da.
Bestalde, etxebizitza librearen prezioa %4,3 jaitsi da uztailean iazko uztaileko datuekin konparatuta. Datu horren arabera, eta "momentuz", aurreko hilabeteetako jaitsiera txikiei amaiera eman zaie. Hori da, hain zuzen, Espainiako Higiezinen Merkatuko Indizeak dioena.