Ekonomia -
Eustaten eta INEren datuak
Alemaniak Europako BPG sustatu du, % 1 haziz
Bestalde, 2010eko bigarren hiruhilekoan Espainiako ekonomia % 0,2 hazi zela baieztatu du Espainiako Estatistika Institutuak (INE).
Erredakzioa
Euroguneko eta Europar Batasuneko Barne Produktu Gordina (BPG) % 1 hazi zen 2010eko apirila eta ekaina bitartean, iazko epe berearekin alderatuta, Eurostatek gaur jakinarazi duenez. Datu hori aurrikusitakoa baino positiboagoa dela jakinarazi du Eurostat estatistika bulegoak.
Aurreko hiruhilabetean BPG % 0,2 gora egin zuen bai Eurogunean, bai Europar Batasunean. Hirugarren hiruhilabetez lortu dira emaitza positiboak, Europaren sendotzearen isla.
Alemania 1990an batu zenetik "ez zen jazo maila honetako hazkunderik". "Orain arte espero baino askoz sendoagoa dela erakusten ari da ekonomia alemana", adierazi du Rainer Bründerle Alemaniako Ekonomia ministroak.
Bestalde, 2010eko bigarren hiruhilekoan Espainiako ekonomia % 0,2 hazi zela baieztatu du Espainiako Estatistika Institutuak (INE).
Gaur aurreratu dituen datuen arabera, Barne Produktu Gordina % 0,2 murriztu da aurreko urtearen aldean, baina aurreko hiruhilekoan (% 1,3) baino askoz txikiagoa izan da atzeraldia.
INEk azpimarratu duenez, kontsumoaren eta inbertsioaren beherakada arindu delako ematen ari dira azken aldian datu positiboak. Era berean, INEren datuek Espainiako Bankuak iragan ostiralean iragarri zituen datuak baieztatu dituzte.
Alemania 1990an batu zenetik "ez zen jazo maila honetako hazkunderik". "Orain arte espero baino askoz sendoagoa dela erakusten ari da ekonomia alemana", adierazi du Rainer Bründerle Alemaniako Ekonomia ministroak.
Frantzia, % 0,6 gora
Frantziako Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,6 gora egin zuen urteko bigarren hirubilabetean. Lehenengoan, ordea, hazkundea % 0,2 izan zen, Estatistika Institutu Nazionalak jakinarazi duenez.
Lehenengo hiruhilabetean jazo zen hazkundea baino "hiru aldiz handiagoa" da, azpimarratu du Christine Lagarde Ekonomia ministroak. Bere hitzetan, kontsumo pribatuaren bilakaeraren eta enpresa inbertsioen berreskurapenaren ondorioa dira datu hauek.