Ekonomia -
Automobilgintza
Gasteizko Mercedesen 11 larunbatetan egingo dute lan ekainetik abuztura
Lan-hitzarmenak jaso egiten ditu horrelako neurriak, aparteko eskaerei aurre egiteko.
agentziak | erredakzioa
Gasteizko Mercedesen fabrikan lan egingo dute ekainetik abuztura arteko hamaika larunbatetan, eta ordu erdi luzatuko dute pintura tailerreko lan jardunaldia ekainean eta uztailean, 5.500 furgonetako aparteko eskaerari aurre egiteko.
Sindikatuek eman dute neurri horren berri, eta azpimarratu dute lan-hitzarmenean jasota dagoela aparteko eskaerei aurre egiteko ordutegiak malgutzea.
Aipatu iturriek zehaztu dute horrek ez diela langileen oporrei eragingo, eta ez dutela inor gehiago kontratatuko.
Dena den, sindikatuek kritikatu egin dute maiatzeko larunbatak horretarako ez erabiltzea, duela hilabetetik baitzekiten lan-karga handituko zela.