Ekonomia -
Radio Euskadiko elkarrizketa
Confesbasken ustez, egoera ekonomikoa "ona da, oro har"
Roberto Larrañaga Confesbaskeko presidentearen arabera, “gaizki pasatzen ari diren enpresak ere badaude”, eta Fagor-CNA, CEL, Xey, General Electric eta La Naval aipatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Roberto Larrañagak Radio Euskadiko elkarrizketan adierazi duenez, ekonomiari dagokionez, “edalontzia ez dago ez erdi hutsik ez erdi beteta”. “Ia beteta dagoela esan daiteke”, gaineratu du Larrañagak.
Confebaskeko presidenteak azken hilabeteetako BPGaren igoera azpimarratu du, eta, oro har, euskal ekonomiaren egoera “ona” dela esan du. Hala ere, Larrañagaren hitzetan, “gaizki pasatzen ari diren enpresak daude”, eta Fagor-CNA, CEL, Xey, General Electric eta La Naval aipatu ditu, adibide gisa.
Larrañagak azaldu duenez, enpresa gehienek hobetu egin dute “eskabide-zorroa eta konfiantza maila”.
Dena den, aldaketa positibo horrek ez die enpresa batzuei eragin, Larrañagaren arabera; izan ere, enpresa batzuk “krisitik jota atera dira” eta “zor handiak dituzte”.
Langile pobreak
EGABen azken informea ere hartu du ahotan Larrañagak, prekarietateari lotutako lan pobreziaren inguruko datu kezkagarriak eman baititu ezagutzera txostenak. Gainera, 2016an Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jaso zutenen % 20k soldata osatzeko egin zuten, adituen esanetan.
Larrañagaren aburuz, langileen “azterketa finagoa” egin behar da, “zein sektoretan gertatzen den jakiteko” eta datu horiek kontuan hartuta lan hobea egin ahal izateko.