Ekonomia -

Zentral nuklearra

Garoña berriz irekitzeko eskaera berretsi du Nuclenorrek

Iberdrolako presidenteak zentral nuklearra berriz irekitzeko eskaera ez egiteko galdegin zion Endesari martxoan, eta ez dela bideragarria ziurtatu zuen.

Garoñako zentral nuklearraren kontrako protesta. Artxiboko argazkia: EFE
Garoñako zentral nuklearraren kontrako protesta. Artxiboko argazkia: EFE
Garoñako zentral nuklearraren kontrako protesta. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santa Maria Garoña berriz ireki eta ustiapen baimena luzatzeko egindako eskaera berretsi du ostiral honetan zentral nuklearraren jabe den Nuclenorrek. Izan ere,  ez du horren etorkizunaren inguruko akordiorik lortu Iberdrola eta Endesa akziodunekin (bakoitza horren erdiaren jabe da). Alegazioak aurkezteko orduan ere ez dira bat etorri bi akziodunak.

Nuclenorreko batzar nagusia ostegunean bildu zen, eta, beste gai batzuen artean, Iberdrolak egindako eskaera bozkatu zuten bertan. Zehazki, Espainiako Energia Ministerioari zentral nuklear horretako jarduera berreskuratzeko baimena ez eskatzea proposatu zuen.

Iberdrolaren esanetan, ez badute Garoña ustiatzeko eskaera bertan behera uzten, baliteke Ministroak Nuclenorri ematea zentral nuklearreko jarduera berreskuratzeko baimena. Epea abuztuaren 8an amaituko da, eta, Espainiako Gobernuak erabaki hori hartuko balu, jabeek Garoña berriro martxan jartzeko beharrezkoa izango litzatekeen inbertsioa egin beharko lukete, ekonomikoki bideragarria izan ez arren.

Arrazoi horregatik, jarduera berreskuratzeko eskatutako baimena bertan behera uztea da egun dagoen aukera bakarra.

Beste alde batetik, egun batetik bestera eskaera horri uko egiteari ezetz esan zion Endesak, eta zentral nuklearra bideragarria izan dadin alegazioak aurkeztea proposatu zuen. Hala egin ezean, konpainia horrek Garoña berriro irekitzeko inbertsioa egitea erabaki lezake Espainiako Gobernuak.

Dena dela, Iberdrolaren ustez Garoña berriz irekitzeko eskaerari uko egitea da irtenbide bakarra, Espainiako Gobernuak zentral nuklearra ustiatzeko baimena ematen badie ikuspegi juridiko batetik ezin izango dutelako erabaki horren kontra ezer egin. Ondorioz, ustiapen baimena luzatzeko aukera egongo litzateke, ekonomikoki bideragarria izan ez arren, konpainia horrek behin baino gehiagotan ziurtatu duenez.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak zentrala berriz irekitzeko eskaera ez egiteko galdegin zion Endesari martxoan, akziodunen aurrean, eta zentral nuklearra ez dela bideragarria nabarmendu zuen.

Espainiako Energia Ministerioak Garoñako zentral nuklearraren etorkizunari buruzko alegazioak aurkezteko epea ireki zuen uztailean, berriro zabaltzea edo betiko ixtea erabaki aurretik. Espainiako zentral nuklearrik zaharrena da, eta 2012tik geldirik dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Burgos argazkiak Ekonomia berriak Gasteiz berriak Eguneko albisteak Garoñako zentral nuklearra