Ekonomia -

Greba

Gasteizko igerileku publikoak itxita egongo dira hirugarren egunez

Arabako kirol jardueretako langileen greba deialdiak astearte honetan izandako jarraipen handiagatik hartu du neurri hori Gasteizko Udalak.

Gamarrko igerileku publika. Artxiboko argazkia: EiTB
Gamarrko igerileku publika. Artxiboko argazkia: EiTB
Gamarrko igerileku publika. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gamarra eta Mendizorrotzako igerileku publikoak itxita egongo dira astearte honetan hirugarren egunez, Arabako kirol jardueretako kolektiboa osatzen duten langileek deitutako grebaren ondorioz. Beharginek joan den igandean hasi zuten greba, eta hitzarmen berria sinatu ezean uztailaren 31ra arte jarraituko dute lanuzteekin.

Gasteizko Udalak jakitera eman duenez, deialdiak izandako jarraipen handiagatik hartu du neurri hori, eta eragozpenak barka ditzaten eskatu die erabiltzaileei.

Gauzak horrela, Mendizorrotzan berdegunera sartzeko aukera dute hiritarrek, eta Gamarran soilik ‘kirolklub’ zerbitzua ireki dute, bertako langileak ez baitituzte grebara deitu.

Era berean, itxita jarraitzen dute Aldabe, Lakua, Judizmendi eta San Andres kiroldegietako igerileku estaliak, eta Lakua, Abetxuko, Astronomoak, Zaramaga eta Adurzako frontoiak.

Halaber, astearte honetan ez dira erabilgarri izango Ariznabarra eta Hegoalde kiroldegietako eskalada-murruak.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, Arabako kirol jardueretako langileak ari dira greba egiten. Uztailaren 23an hasi zen lanuztea, eta egunotan “hitzarmen duina” sinatu ezean 31n amaituko da. Patronalak monitoreen soldata % 1 eta sorosleena % 7 handitzea proposatu zien langileei.

Blusen eta Nesken Eguna (Santiago Eguna) dela kontuan izanik, langileek aerobic ikastaroa antolatu dute arratsalderako, hiriburuko zezen plazaren ondoan. Bertan, hitzarmen duina eskatzeko aldarrikapenekin jarraituko dute.

Arabako urtegietan ere eragina izan du kirol jardueretako langileen grebak, eta sorospen zerbitzurik ez dagoela gogorarazteko kartelak jarri dituzte. Gainera, bainua hartzera hurbiltzen direnei megafonia bidez ohartarazten diete egoeraren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Araba Grebak gaur Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Gizartea Ekonomia 2024 Gasteiz berriak Albisteak