Ekonomia -
112 langilerentzat
Lana erregulatzeko txostena aurkeztu du Iruñeko Dana enpresak
2008ko abenduan, 71 kontratu deuseztatzeko baimena eman zioten enpresari beste txosten batean. Gainera, 45 langilek aurretiko erretiroak eta bajak onartu dituzte.
Erredakzioa
Enpresa-batzordeari eta Nafarroako Gobernuari lana erregulatzeko txostena aurkeztu die Dana Automocion S.A. enpresako zuzendaritzak. "Produzitzeko eskari eskasaren" aurrean, enpresak 112 langileri kontratuak deuseztatzeko baimena eskatu du. Egun 372 langile dira lanean Iruñeko lantegian.
Enpresak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 2008ko abenduan 71 kontratu deuseztatzeko baimena eman zioten beste txosten batean eta 2009ko otsailetik beste bat du martxan. Azken horren arabera, lanegunen % 50 bertan behera geratu ziren eta langile guztiei eragiten die. Horrez gain, 45 langilek aurretiko erretiroak eta bajak onartu dituzte.
"Negozioaren beherakada nabarmenak, lantegiaren lehiakortasun faltak" eta krisi ekonomikoaren eraginak produkzioa % 67 murriztea ekarri dute aurten, Landabeneko lantegiaren arduradunen esanetan. Horrela, 2008an 214.422 karkasa ekoitzi baziren, aurten 69.969 baino ez dira produzitu.
Iruñeko lantegia egoera "kritikoan" dago, zuzendaritzaren ahotan, MAN eta Daimler bezeroek euren produkzioa Turkiara (EGE) eta Koreara (S&' || 'amp;T) lekualdatu ostean 2008az geroztik. Honenbestez, 8,9 milioi euroko galerak izan zituen Nafarroako lantegiak 2009an, eta 2010ean "porrot handiagoa" izatea aurrikusi dute arduradunek.