Ekonomia -
Elkarrizketa
Zapatero: 'Lan-erreformarekin ez ditut nire printzipioak traizionatu'
Espainiako Gobernuko presidenteak esan du aurrekontuak onartzea "ekonomiarentzat ona" izango dela eta EAJrekin negoziazioak "martxan" daudela. Bestalde, ETArekin 'kontakturik' ez dutela nabarmendu du.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapaterok esan du ez duela bere burua "traizionatu" lan-erreforma berria behin betiko onartuta eta gogora ekarri du aurreko legegintzaldian gastu sozialak %40ko hazkuntza izan zuela.
SER irrati-katean egindako elkarrizketan, Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du "errespetu handia" diela sindikatuei eta hauek gizartean duten eraginari. Alabaina, zehaztu du horrek ez duela esan nahi sindikatuekin desadostasunak izan ez ditzakeela. Nolanahi ere, azpimarratu du ez duela sindikatuen jarrera kritikatuko, "demokrazian oinarrizko eginkizuna betetzen dutelako". Lan-erreformaren lehendabiziko ondorioak ikusteko "hilabete batzuk" baino ez direla beharko erantsi du.
Bestalde, Zapaterok azaldu du Gobernuak ez duela aurrikusita murrizketa gehiago egitea fiskalitatea bermatzeko, "gaur egun horretarako behar objektiborik ez baitago".
2013rako defizita % 3ra murrizteko Espainiako Gobernuak ''B Planik'' ote duen galdetuta, Zapaterok erantzun du beharrezkoa ez dela.
Aurrekontuak, Patxi Lopez eta EAJ
Estatuko Aurrekontuei dagokienez, Zapaterok esan du aurrekontuak onartzea ekonomiarentzat "ona" izango dela eta Gobernua eta EAJren arteko negoziazioa "martxan" dagoela baieztatu du.
Patxi Lopezek jokatzen duen paperaz galdetuta, lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza "negoziazioetan murgilduta" daudela azpimarratu du. "Uste dut transferentziak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu behar direla, baina baita EAJrekin ere Euskadiko alderdi oso garrantzitsua baita".
ETA, Batasuna eta Gobernuaren jarrera
ETAren iragarpenaren harira, Zapaterok azpimarratu du ETArekin edo haren inguruarekin ez dutela inolako harremanik eta, beraz, erakunde armatuaren benetako asmoak zeintzuk diren jakiteko "informazio zehatzik" ez duela.
Hala ere, ETAren ibilbidea ikusita, "konfidantzarik" izan behar ez dela adierazi du. "Konfidantza eza handia da eta mahai gainean jarri beharko dituzten frogak oso zorrotzak izango dira, demokraziak eta Gobernuak indarkeria betirako utzi nahi dutela, benetan ari direla eta hau amaituko dela sinets dezaten", azaldu du.
Espainiako Gobernuko presidentearen iritzian, ETAk "gelditzea" erabaki badu, bi arrazoi daude: batetik, "gehiago ezin duelako" eta bestetik, "baita ere, ezker abertzaleak agertu duen jarreragatik". Ezker abertzalea legeztatzeko, ondoko bi baldintzak jarri ditu: lehenengoa, "anbiguotasuna uztea eta indarkeria zorrotz gaitzestea"; eta bigarrena, ETAk armak "behin betiko" uztea. ETAk armak betirako utziko dituela iragarriz gero, zer egingo lukeen ez du azaldu nahi izan, baina zehaztu du Espainiako Gobernuak ''B'' nahiz ''C'' planak prest izan behar dituela badaezpada. Hori bai, hipotesi hori egi bihurtuko balitz, Gobernuaren lehendabiziko urratsa alderdi politikoekin adostasun batera heltzea izango litzatekeela esan du.