Politika -
ETAren iragarpena
Batasunak legeztatzeko eskatu dio Gobernuari
Ezker abertzaleak "ezer" egin ez izana leporatu dio Jose Luis Rodriguez Zapateroren Exekutiboari.
Erredakzioa
"Eraso ekintza armaturik" ez egitearen ETAren iragarpena "aurrerapauso garrantzitsua" dela adierazi du ezker abertzaleak, eta euren esanetan, hurrengo urratsa "Gobernuak eman behar du", besteak beste, legez kanpoko alderdi politikoak legeztatuz eta presoak EAEko kartzeletara hurbilduz.
Hori esan du Txelui Morenok Bilbon egindako agerraldian. Ezker abertzaleko Rufi Etxebarria, Tasio Erkizia, Amparo Lasheras eta Marian Beitialarrangoitiarekin ere prentsaurrekoan izan dira.
ETAren iragarpena "garrantzi handiko deklarazioa" denez, "nahikoa edo nahiko ez" den aztertzea ukatu du Morenok. Bere ustez, euskal gizarteari "itxaropena" eman dio, eta "indarkeriarik gabeko eta normalizazio politiko-demokratikorako agertoki baterako aurrerapauso gehiago emateko" aukera eskaini du.
"Nahikoak ez" diren aurrerapausoak badira ere, PSOEri, PPri eta Frantziako eta, bereziki, Espainiako Gobernuari horiek ematea dagokiela iritzi du.
Morenoren hitzetan, "Espainiako Gobernuak ez du oraindik ezer ez egin. Bere arduragabetasuna baldin bada, kostatzen ari zaio bere lekua topatzea". Hori horrela, "presoen senitartekoak umiliatzen hustea", gaixo dauden presoak askatzea eta dispertsioarekin amaitzeko "urratsak" eskatu dizkio Espainiako Exekutiboari.
Gainera, ezker abertzalearen legalizazioa "irtenbide demokratikoak eta giro baketsua" lortzeko "gutxieneko demokratikoetako bat" dela adierazi dio Espainiako Gobernuari.
"EArekiko begiruneagatik", Morenok ez dizkio Zapateroren Exekutiboari beste "eskaera" batzuen berri eman nahi izan, hain zuzen, ezker abertzalea alderdi horrekin eratzen ari den "gutxieneko demokratikoak" oinarri dituen dokumentuaren eskakizunak direlako.
Hala eta guztiz ere, Morenoren esanetan, agiri horrek "erakunde armatuari eta Gobernuari egindako eskaerak biltzen ditu", eta "denok egin behar ditugu norabide zuzenera eramango gaituen mugimenduak ", azpimarratu du. Azkenik, ezker abertzaleak "bide baketsu eta politikoen alde" jada apustu egin duela berretsi du.