Ekonomia -

Greba orokorra

UGTk eta CCOOk langileen kontrako 'eraso handiena' salatuko dute 29an

Sindikatuek EAEn dituzten idazkari nagusiek greba deialdia erregistratu dute, "demokrazia aroko garrantzitsuena" izango delakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko UGTk eta CCOOk irailaren 29ko greba orokorra erregistratu dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, Gasteizko Lakua auzoan, eta egun horretan demokrazia garaian langileek jasan duten "eraso handiena" salatuko dutela azaldu dute, lan-erreformari erreferentzia eginez.

Damaso Casado UGTren idazkari nagusia eta Unai Sordo CCOOrena izan dira Lan eta Gizarte Gaien Sailaren egoitzan eta bigarrenak adierazi duenez, protesta egun hori "oso garrantzitsua" izango da, "demokraziako garrantzitsuena", izan ere, atzo onartu zuten lan erreforma langileen kontrako "erasoa" omen da.

CCOO-Euskadiren idazkari nagusiak ELAk eta LABek deialdia ez babesteko hartu duen erabakia izan du hizpide, eta sindikatu horiek "beste alde batera" begiratzen dutela gaitzetsi du eta atzera egitea eskatu die.

Damaso Casado UGT-Euskadiren buruak, era berean, Espainiako Gobernuak "demokrazia osoko neurri okerrenak ezarriz langileen eskubideak urratzen" dituela berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea