Ekonomia -
Negoziazioak
Enplegu transferentzia, ixteko zorian
Baliteke hurrengo astean adostea Espainiako Gobernuak eta EAJk politika aktiboen eskuduntzaren transferentzia.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernua eta EAJ enplegu politika aktiboen transferentzia ixteko zorian egon litezke, hainbat egunkarik gaur ziurtatu dutenez.
Hain zuzen ere, baliteke hurrengo astean bertan adostea transferentzia, Vocento taldearen arabera.
Hori horrela, bi aldeek errazago izango lukete Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan ere akordioa lortzea. Balizko akordioak Zapatero salbatuko luke, eta hauteskundeak aurreratzea saihestuko bailuke.
Atzo, Patxi Lopez lehendakariak adierazi zuen "perfektua" litzatekeela transferentzia adostea, eta Gizarte Segurantzaren ''kutxa bateratua'' ez hausteko "moduak" aztertzen ari direla.
Gasteizko Gobernuko buruak txalotu egin zuen jeltzaleek "Espainiaren gobernagarritasuna" ziurtatzeko erakutsitako konpromisoa, eta negoziazioa "Euskadiren onerako" egiten bada, "ondo" iruditzen zaiola gaineratu zuen.