Ekonomia -
Lan gatazka
Euleneko langileek grebari ekingo diote berriro irailaren 8tik aurrera
Gutxieneko zerbitzuak ez betetzeagatik enpresak lau langileri ezarritako 'errepresali'en aurka protestatzeko helduko diete berriz lanuzteei.
Agentziak | erredakzioa
Bartzelonako El Prat aireportuko segurtasun kontroletan jarduten duten Eulen enpresako langileak greba egiteari ekingo diote berriro, gutxieneko zerbitzuak ez betetzeagatik enpresak lau langileri ezarritako 'errepresali'en aurka protestatzeko asmoz.
Horrela erabaki dute gaur El Prat de Llobregaten (Bartzelona) egin duten biltzarrean. Biltzar horretan Bartzelonako aireportuan Eulen enpresak dituen 350 langileetatik 115 langilek eman dute botoa, eta guztiek grebaren alde bozkatu dute.
Lanuzteak ostiral guztietan egingo dituzte 10:30etik 11:30era eta 18:30etik 19:30era. Dena den, Juan Carlos Gimenez greba batzordeko aholkulariak ohartarazi duenez, lanuzteak areagotu egin daitezke baldin eta zigorrak kentzen ez badituzte.
Greba berri horren deialdia hasierako lan gatazka bideratzeko xedearekin Estatuak izendatutako arbitroak (Marcos Peña) ezinbestean bete beharreko laudoa jakitera eman baino lau egun aurretik egin dute. Aipatu lan gatazkan langileek lan baldintza eta soldata hobeak eskatzen dituzte.