Ekonomia -
Krisialdia
2010eko bigarren erdian "egoera ekonomiko goxoa" biziko du Euskadik
Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren ustez, Euskadi "krisialdiaren irteeran" kokatu da.
Erredakzioa
Euskadik bizi duen egoera ekonomikoak "krisialdiaren irteeran" kokatzen gaituela esan du Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Horrez gain, 2010. urteko bigarren erdian "egoera ekonomiko goxoagoa" izango dela gaineratu du.
Elkargiren XI. Foroan egin ditu Agirrek adierazpenak. Bertan 1.000 bat finantzariok eta enpresa buruk parte hartzen dute.
Iazko kredituaren murrizketa "gogorraren" ondoren, egoera ekonomikoak "hobera egin du", bere hitzetan.
Europako ekonomia nagusiek urteko bigarren hiruhilekoa datu positiboekin itxi dutela gogoratu du, nahiz eta Espainiak datu "apalagoak" izan dituen.
Euskadik bizi duen egoera gogoratu du. Urteko bigarren hiruhilekoan % 0,5eko igoera izan dela azpimarratu du, iazko epe berdinarekin alderatuz, eta datu negatiboekin izandako jarraikako sei hiruhilekoak atzean utziz. Bere esanetan, datu hauek "portaera baikorra" baieztatu egiten dute.
Urteko bigarren zatian "egoera ekonomiko goxoagoa" bizi izango dugula esan du, baita 2011ko hasieran ere. Hala ere, aurreikustea "zaila" dela adierazi du, eta errekuperazioaren "abiadura zein izango den" ez dakiela onartu du.