Ekonomia -

Greba Frantzian

Manifestarien eta Poliziaren arteko liskarrak, Pariseko protestan

Gutxienez hiru pertsona atxilotu dituzte istiluetan. Manifestari bat zauritu eta ospitalera eraman behar izan dutela erantsi du.

Manifestariak Pariseko protestan. Argazkia: EFE
Manifestazioa Frantzian. EFE
Manifestariak Pariseko protestan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kaputxadun manifestarien eta Frantziako Poliziaren arteko istiluak izan dira Parisen. Manifestariak harriekin eta poliziak gas-negar eragileekin eta ur-kanoiekin defendatu dira. Horrela, Exekutiboak onartu nahi duen lan erreformaren aurkako manifestazioa indarkeriarekin bukatu da.

Protesta Bastillako plazan hasi da eta 60.000 bat pertsona bildu ditu Frantziako hiriburuan, CGT sindikatuaren arabera. Poliziak, ostera, 24.000 manifestari izan direla adierazi du.

CFDT eta FO sindikatuek ez dute protestarekin bat egin. Bi orduz lasaitasuna nagusi izan da manifestazioan, baina 300 bat kaputxadunek “kalteak” egin dituzte erakusleihoetan eta iragarkietan.

Gutxienez hiru pertsona atxilotu dituzte istiluetan, BFM T telebistak jakitera eman duenez. Manifestari bat zauritu eta ospitalera eraman behar izan dutela erantsi du.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak irailaren 22rako onartu nahi duen lan erreformaren kontrako greba eta manifestazio eguna dute Frantziako Estatuan. Lan merkatua malgutzea xede duen egitasmoaren kontra daude hainbat sindikatu eta mugimendu sozial, eta, CGT sindikatua buru dutela, mobilizazio ugari antolatu dituzte irailaren 12 honetarako.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian Fronte Sozialaren baitan bildu dira lan erreformaren kontrakoak, LAB eta GGT bera, eta baita EH Bai eta Aitzina ere tartean. Fronteak deituta, manifestazioa egin dute Baionako kaleetan, eta ehunka pertsonaek hartu dute parte.

 

 

Lanuzteak garraiobide publikoetan

Frantziako Estatuan 200 bat manifestazio izan dira, nagusia Parisen. Horrez gain, lanuzteak ere antolatu dituzte, batez ere garraiobide publikoetan.

Goizean, hiriko garraio zerbitzua normaltasunez ibili da Frantziako hiriburuan, baina arazoak egon dira Lyonen, Marseillan, Montpellierren eta Nizan.

Hegaldiei dagokienez, Frantziako Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak esan du "printzipioz" aire-kontrolatzaileen "jarraipen txikia" izatea espero zuela.

Dena dela, Ryanair konpainiak 110 hegaldi utzi ditu bertan behera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Lege berria Iparraldea berriak Grebak gaur Lana albisteak Frantzia berriak Ekonomia 2024 Frantziako presidentea azken ordukoa