Ekonomia -

Greba orokorra

Grebak jarraipen ezberdina izan du Euskadin eta Nafarroan

- Sindikatuek esan dute greba oso zabala izan dela Arabako eta Bizkaiko industrietan.

- Grebaren jarraipena "oso txikia" izan dela esan du Confebask enpresaburuen elkarteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greba orokorrak jarraipen ezberdina izan du Euskadin eta Nafarroan. Araban eta Ezkerraldean (Bizkaia) izandako jarraipena goraipatu dute sindikatuek. Nafarroan, jarraipena handia izan da metalaren sektorean eta enpresa handietan, ETBk jakitera eman duenez.

CCOO eta UGT sindikatuek lan erreforma-ren aurka Espainia osoan deitutako greba orokorra norrmal eta aparteko arazo barik igaro da Euskadin.

Grebak Estatuko gainerako tokietan baino jarraipen txikiagoa izan du Euskadin, sindikatuen artean dagoen zatiketaren ondorioz. Izan ere, CCOO, UGT, CGT eta ESK sindikatuek eta Sindikatu Arteko Konfederazioak deitu dute, baina ELAk, LABek, EILASek, EHNEk eta Hiruk ez dute bat egin. Alderdi politikoen artean, Ezker Batuak baino ez du babestu deialdia.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, gertakizun aipagarri bakarra Bizkaibusek Zorrozan (Bizkaia) duen garajean jazo da, autobus baten hiru gurpil zulatu baitituzte. Ondorioz, lau pertsona identifikatu dituzte.

Orokorrean, gutxieneko zerbitzuak normal bete dira, garraioaren sektorean atzerapen batzuk jazo badira ere. Abandoko tren geltokia (Bilbo), adibidez, 05:30ean zabaldu dute, hau da, ordubete berandu.

sindikatuen arabera industrian

Eusko Jaurlaritzaren ustetan, berriz, metalaren sektorean baino ez da gerturatu greba orokorraren jarraipena %10era. Enpresa pribatuetan emaitza anitza izan dela adierazi du Sonia Gomez Enplegu sailordeak, %3 eta %60 bitartekoa, enpresa bakoitzak dituen ordezkari sindikalen araberakoa.

Merkataritzan, eraikuntzan, zerbitzuetan eta portuetan normaltasunez egin dute lan, Gobernuaren arabera. Arlo publikoan, %3ko jarraipena egon da Eusko Jaurlaritzan bertan eta %1,2koa Osakidetzan eta Justizia Administrazioan.

Deialdia egin duten sindikatuek diote, ordea, Estatuko Administrazioko langileen %30k bat egin duela grebarekin eta administrazio autonomiko eta herri administrazioetan %10eko jarraipena egon dela.

Greba orokorraren jarraipena "oso txikia" izan dela esan du Confebask Euskadiko enpresaburuen elkarteak, izan ere, "enpresen, denden eta herritarren jardueran ez du ia eraginik izan". Horrela, Euskadiko patronalak zifra txikiagoak eman ditu: %1eko jarraipena Gipuzkoan, %3koa Araban eta %3 baino gutxiagokoa Bizkaian.

CCOO eta UGT sindikatuek milaka lagun bildu dituzte hiru hiriburuetan egindako manifestazioetan eta pozik agertu dira Euskadiko langileen erantzunarekin, erkidego honetan erantzuna txikiagoa izan bada ere, eta Espainian izan duen "arrakasta ikaragarria" azpimarratu dute.

Manifestaldiak hiriburuetan

Horrela, ia 12.500 lagunek parte hartu dute EAEko hiru hiriburuetan egin diren manifestaldietan, CCOO sindikatuak jasotako datuen arabera.

Unai Sordo, Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du Euskadiko "milaka" langilek grebarekin bat egin dutela, eta gaineratu du deialdia egin dutenek bazekitela sindikatu abertzaleen "ihesak" "emaitza baldintzatuko" zuela.

Garraio publikoan, ibili diren zerbitzuak Eusko Jaurlaritzaren dekretuak ezarritakoak baino gehiago izan dira, Renfen izan ezik, bertan Jaurlaritzaren dekretua bete baitute.

EuskoTren, tren, autobus eta tranbia enpresa publikoan unitateen %80 baino gehiago izan dira martxan, Bilboko metroan %60 baino gehiago, Bilbobusen %75 eta Gipuzkoan gutxienekoak alde handiz gainditu dituzte, Aldundiaren esanetan.

Eragin gehiago egon da aireportuetan. UGTren arabera Gasteizen eta Donostian hegazkinik ez da irten eta Bilbon hegaldi asko bertan behera geratu dira. Pasaiako portuan grebaren jarraipena %80koa izan da, UGTren datuekin jarraituz. Bilbokoan, ordea, normaltasunez lan egin dutela adierazi du Portuko Agintaritzak.

Hezkuntzan, UGT eta CCOO sindikatuek, unibertsitate publikoan grebaren eragina garrantzitsua izan dela iritzi diote, %50 eta %90 artekoa, campusaren arabera, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan %35ekoa izan dela esan dute. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, berriz, hezkuntza publikoan %2ko jarraipena egon da, eta pribatuan %1ekoa.

Grebaren jarraipena Nafarroan

Foru Erkidegoan ere ez da arazo aipagarrik jazo, eta jarraipena "oso zabala" izan dela ziurtatu dute sindikatuek.

UGTk esan du metalaren sektorean "ia langile guztiek" egin dutela bat deialdiarekin, eta hiru adibide jarri ditu: Arcelorren % 91,4koa da jarraipena, Nacesan eta SKFn % 90ekoa.

Volkswagenen, gaueko txandako langileen % 90k egin dute bat lanuzteekin, eta, egunez, ekoizpena "etenda" egon da.

Nekazaritzako elikagaien sektorean ere "oso zabala" izan da jarraipena, % 7,14koa hain zuzen ere, hainbat kasutan kopurua handiagoa izan bada ere: % 100 Ultracongelados Virton eta Iberfrutan; % 93 Vega Magorren eta % 80 Marbun.

Iberiak ez du hegaldirik eskaini Noaingo aireportuan, konpainiaren gutxieneko zerbitzuetan ez baitago Iruñeko hegaldirik.

Arratsaldean, lanuztea langileen % 74k babestu dutela esan dute sindikatuek, eta metalaren zein sektore kimikoan jarraipena % 90ekoa izan dela erantsi dute. Hala ere, Nafarroako patronalak eskainitako zifrak oso bestelakoak izan dira. Langileen % 15ek soilik greba egin dutela azaldu du patronalak. Hezkuntzan eta Osasun zerbitzuetan lanuztea % 3-1 bitartekoa izan dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea