Ekonomia -
Lan-baldintzak
Erne: 'Egonezinak absentismoa areagotu dezake Ertzaintzan'
Herrizaingo Saila "jauntxokeriaz" jokatzen ari dela kritikatu du Ertzaintzako sindikatuak, izan ere, lan arloan "ez negoziatzea eta inposaketa" aukeratu ditu.
Erredakzioa
Lan-baldintzen "negoziazio ezak eta inposaketak egonezina" sortu dute eta horrek "absentismoa nabarmen areagotu dezake", Erne Ertzaintzako sindikatu nagusiak Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari ohartarazi dionez.
Zerbitzu komisioak "neurriz kanpo" baliatzeagatik, lan-baldintzen Akordio Arautzailea urratzeagatik eta "jauntxokeriaz" jokatzeagatik Herrizaingo Saila kritikatu du sindikatuak ohar baten bidez. Izan ere, Sailak lan arloan "ez negoziatzea eta inposaketa" aukeratu ditu, Erneren ahotan.
Ernesto Martinez de la Hidalga Herrizaingo Saileko Administrazio eta Zerbitzu sailburuordearen dimisioa eskatu du sindikatuak, "negoziatzeko gaitasun eza demostratu duelako". Gainera, sailburuordea "inposaketengatik harro agertu da sindikatuen aurrean", erantsi du Ernek.
Ertzainek "Sailaren aurka egitea ez du baztertu" sindikatuak. "Ondoeza azaltzeko ekintzak abian jar ditzakete ertzainek, adibidez, herritarraren kontzientziazio are handiagoa egitea bide-segurtasun arloan", gaineratu du Ernek.