Ekonomia -

AURREKONTUAK 2018

Jaurlaritzak 1.750 milioi euro bideratuko ditu I+G+Bra datozen lau urteotan

'Jaurlaritzak gai honetan inbertsioa urtero % 1,5 gehitzeko konpromisoari eusten dio, eta horrek esan nahi du 1.750 milioi euro inbertituko direla lau urtean', esan du lehendakariak.

Urkullu eta Tapia, gaur, Miramongo Teknologia Parkean. Argazkia: EFE.
Urkullu eta Tapia, gaur, Miramongo Teknologia Parkean. Argazkia: EFE.
Urkullu eta Tapia, gaur, Miramongo Teknologia Parkean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2018rako onartutako aurrekontu aurreproiektuak berebiziko lehentasuna emango dio ikerketari eta garapenari, 433 milioi euro horretara bideratuta. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, konpromisoa epe luzerakoa da, eta, hala, datozen lau urteotan denera 1.750 milioi euro inbertituko ditu Gasteizeko Exekutiboak I+G+B arloan.

Donostian eman ditu datuok Urkulluk, Miramongo Teknologia Parkean egiten ari diren Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-erremintaren 21. Kongresuan.

Besteak beste, "fabrikazio aurreratuko aktiboen sare konektatua edo Digital Innovation Hub delako bat" sortu nahi du Jaurlaritzak, lehendakariak iragarri duenez.

Jaurlaritzak enpresen digitalizazioarekin daukan konpromisoa azpimarratu du Urkulluk, eta, berrikuntzarekin batera, 2020 Industria Planaren oinarrian digitalizazioa dagoela gaineratu du. Atzo onartutako aurrekontuen aurreproiektuan berrikuntzari eta garapenari lehentasuna eman zaiela esan du lehendakariak.

"Jaurlaritzak gai honetan inbertsioa urtero % 1,5 gehitzeko konpromisoari eusten dio, eta horrek esan nahi du 1.750 milioi euro inbertituko direla lau urtean", esan du lehendakariak.

Halaber, fabrikazio aurreratuak "laugarren iraultza industrialerako eraldaketa" bultzatzen duela nabarmendu du, eta, prozesu horretan, makina-erreminta "benetako motorra" dela ziurtatu.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburua, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, Espainiako Gobernuko eta AFM makina-erremintako erakundeko ordezkariak ere izan dira Donostiako ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak