Ekonomia -
Barakaldo
Megaparkeko aisialdi gunea erosi du Lar sozietateak 8,7 milioiren truke
33 saltoki dituen 20.000 metroko koadroko eremua da erositakoa. Duela bi urte, merkataritza-guneko beste bi zati eskuratu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Lar España higiezinen inbertsiorako kotizazio-sozietateak Megaparkeko (Barakaldo, Bizkaia) aisialdi gunea erosi du 8,7 milioi euroren truke, sozietateak Baloreen Merkatuaren Batzordeari jakinarazi dionez.
Zehazki, 20.000 metro koadroko eremua da —zinema aretoen ondoan dagoena— erositakoa, eta 33 saltoki daude bertan, besteak beste, Burger King eta La Tagliatella janari lasterreko jatetxea edota Juguettos jostailu-denda.
Duela bi urte merkataritza-gunearen bi zati erosi zituen Lar sozietateak 170 milioi eurogatik, guztira 64.000 metro koadro. Hori horrela, Megaparkek dituen 128.000 metro koadrotik 84.000 ditu sozietate horrek.
EAEko merkataritza-gune handiena da Megapark, eta iaz 10,6 milioi bisitari eduki zituen. Mota eta esparru guztietako saltokiak ditu.