Ekonomia -
MERKATARITZA
‘Bono Denda’ kanpaina bueltan da Araban
Bi bonu batera erabili daitezke eroskera berean eta establezimenduen gainerako promozioekin bateragarriak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aenkomer Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak biltzen dituen elkarteak ‘Bono Denda’ kanpainaren hirugarren edizioa antolatu du. Azaroaren 9tik urtarrilaren 13ra, 50 euroko balioa duten 1.650 bonu eskainiko ditu lurralde horretako 100 denda baino gehiagotan gastatzeko.
Edurne Parro Aenkomer elkarteko zuzendari kudeatzaileak aurkeztu du kanpaina prentsaurreko batean, Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuarekin eta Nerea Melgosa Gasteizko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotziarekin.
Bonuak 40 euro ordainduta lor daitezke eta 50 euroko erosketa egiteko aukera izango du kontsumitzaileak, horrekin 10 euroko etekina lortuz. Gainera, bi bonu batera erabili ahal izango dira erosketa berean, eta atxikita dauden establezimenduen gainerako promozioekin bateragarriak izango dira (beherapenekin, esaterako).
“Helburua dendek eskaintzen dituzten deskontu kanpainak erakargarriagoak egitea da”, adierazi du Parrok. Bestalde, ez du baztertu hurrengo asteetan ekimenari denda gehiago batzea, “zerrenda ez delako itxia”. Askotariko produktuak saltzen dituzten establezimenduek egin dute bat kanpainarekin: janariak, jantziak, oinetakoak, osagarriak, aisialdia eta kultura, kirolak, bitxiak, etxeko gauzak, loreak, botikak eta zerbitzuak.
Gonzalezek, bere aldetik, krisi ekonomikoak eta erosketa ohitura berriek Arabako merkataritza sektorean eragin txarra izan dutela adierazi du, eta “hazkunde motela” hasi dela, baina erakundeek sektore horri laguntzen jarraitu behar dutela eta sentsibilizazio eta promozio kanpaina gehiago egingo dituztela gaineratu du.
Melgosak kanpaina hauen garrantzia azpimarratu du. “Bono Dendaren bidez, tokiko saltokiei eskaintza erakargarriagoa eta lehiakorragoa egiten lagundu nahi diegu. Establezimendu askok bi hilabete hauen beharra dute urte osoko balantzea positiboa izan dadin. Laster, kanpaina garrantzitsuak datoz, Gabonak eta Black Friday izenekoa, eta berriro ere tokiko merkatariek gertuko tratuaren, profesionaltasunaren eta kalitatearen alde egin duten apustua azpimarratu behar da”, gaineratu du.