Ekonomia -

Kaleratzeak Siemens Gamesan

Siemens Gamesak 155 langile kaleratuko ditu Hego Euskal Herrian

Nafarroan 107 pertsona kanporatuko ditu: 92 Sarrigurenen, 11 Orkoienen eta 4 Agustinosen. Gainera, Zamudioko lantegitik 48 pertsona botako ditu.

Siemens Gamesaren Sarrigurengo egoitza. Artxiboko argazkia: EFE
Siemens Gamesaren Sarrigurengo egoitza.
Siemens Gamesak 155 langile kaleratuko ditu Hego Euskal Herrian

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siemens Gamesa konpainiak 155 langile kaleratuko ditu Hego Euskal Herriko hainbat lantokitan: 107 Nafarroan (92 Sarrigurenen, 11 Orkoienen eta 4 Agustinosen) eta 48 Zamudion.

Duela 10 egun Siemens Gamesak iragarri zuen lan-erregulazioko txostena jarriko duela martxan, Espainian 408 langile kaleratzeko: 341 aurten eta 67 gehiago 2020. urtera bitartean. Hala ere, azkenean Siemens Gamesak 272 langile kaleratuko ditu Espainia osoan 2017ko urritik 2018ko irailera bitartean eta beste 67, 2020ra bitartean. Siemens Gamesako zuzendaritzak eta sindikatuetako ordezkariek bilera egin dute Madrilen, berregituraketa plana negoziatzeko.

Kaleratzeek Nafarroan izango dute eragin handiena. Siemens Gamesak 92 langile kaleratuko ditu Sarrigurengo lantegitik, 11 Orkoiengotik eta 4 Agustinosekotik. Halaber, Zamudioko zentroan beste 48 langile kanporatuko ditu.

Siemens Gamesak datozen hiru urteetan mundu osoko 6.000 langile kaleratzeko asmoa agertu zuen hilabete honen hasieran, "egitura biziagoa, lehiakorragoa eta kostu txikiagoak" lortzeko helburuarekin.

Aurreikuspenen arabera, zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazioak hilabete iraungo du.

Sinesgarritasuna, kolokan

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituretarako sailburuak esan du Siemens Gamesak Bizkaian aurreikusi baino kaleratze gehiago iragarri izanak "kolokan" jartzen duela enpresak "Euskadin duen sinesgarritasuna".

Sailburuak zalantzan jarri du enpresaren zuzendaritzaren kudeaketa "gardena eta zuhurra" izan denik, eta Administrazio Kontseiluari "ardura sozialerako" deia egin dio.

Era berean, Arantxa Tapiak "Euskadirekin, erabakimen zentroarekin (Zamudioko Parke Teknologikoa), langileekin eta hornitzaileekin duen konpromisoa ekintza egiaztagarriekin erakusteko" eskatu dio.

Bestalde, Manu Ayerdi Nafarroako Garapen Ekonomikorako presidenteordeak "haserre bizia" helarazi dio Siemens Gamesari Nafarroan 107 langile kaleratuko dituelako, eta konfiantza alorrean "gutxiegi handi bat" eman dio.

"Gobernuak Siemens Gamesarengan duen konfiantzak behera egin du eta kontzeptu horren garrantziaz jabetu behar du", adierazi du Baluarten egindako ekitaldi batean.

Gainera, kontseilariak salatu du berregituratzea iragarri zenetik gaur arte "enpresak erabat mezu desberdinak" helarazten zizkiela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Nafarroa EAE Lana Siemens Gamesa Renewable Energy ABEEE berriak Ekonomia berriak Albisteak Zamudio azken albisteak Lan gatazkak Egues azken ordukoa Multinazionalak berriak Enpresaburuak