Ekonomia -
Aldaketak Gobernuan
Valeriano Gomezek uste du 2011n enplegua sortuko dela
Lan ministro berriak esan du lehenengo enpresariei eta sindikatuei deituko diela, elkarrizketari "lehenbailehen" ekiteko eta adostasun sozialera itzultzeko.
Erredakzioa
Valeriano Gomez Lan ministro berriak esan du ez dela "deseroso" sentitzen lan erreforma "orokorrean" defendatzen eta 2011rako enplegu garbia sortuko dela iragarri du.
Cadena Ser irratian egin dioten elkarrizketan Gomezek azaldu duenez, ministro gisa egingo dituen lehenengo deiak enpresariei eta sindikatuei egingo dizkie, elkarrizketari "lehenbailehen" ekiteko eta adostasun sozialera itzultzeko.
CEOEko presidentea aldatuko dutela eta, erakundeetan "egonkortasuna" izatea garrantzitsua dela esan du, elkarrizketari eta orokorrean gizarte osoari mesede egingo diolako.
Irailaren 29ko greba orokorreko manifestazioetan parte hartzearen inguruan galdetu diotenean, lan erreformaren sorkuntzan, diseinuan eta eztabaidan "erabat" parte hartu duela azaldu du, eta horregatik, ez dela "deseroso" sentitzen hura defendatzeagatik.
Gomezen esanetan, grebaren aurretik sortu zen giro "antisindikala"rengatik parte hartu zuen manifestazioetan eta sindikatuen eta langileen ondoan egon zen.