Politika -
Aldaketak Gobernuan
Rubalcaba izango da Zapateroren Gobernu berriaren oinarria
Gobernu berriaren oinarriak Alfredo Perez Rubalcaba eta Ramon Jauregi izango dira, lehendabizikoa lehen ministrordea izango da eta bigarrena Presidentziako ministro.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak bere Gobernua goitik behera aldatuko du datozen orduetan. Horrela, oraindik aurrera, Alfredo Perez Rubalcaba izango da Gobernuko lehen ministrordea.Rubalcabak Barne Ministerioa kudeatzen jarraituko du eta, gainera, Gobernuaren bozeramailea ere izango da.
Lehen ministrordea aldatzeaz gain, Rodriguez Zapaterok beste hainbat aldaketa egingo ditu; Valeriano Gomez Lan ministro berria izango da; Trinidad Jimenez, berriz, Kanpo Arazoetakoa; Leire Pajin Osasun arduraduna izango da; Ramon Jauregi Presidentzian arituko da eta Rosa Aguilar Ingurumen ministro berria izango da.
Presidentzia ere Fernandez de la Vegaren esku izan da orain arte, baina gaurtik aurrera Ramon Jauregik PSOEren eurodiputatuak hartuko dut kargu hori. Zapaterok esan du De la Vega Estatuko Kontseiluko kide izatea proposatuko duela.
Ministro berrien artean izango da Valeriano Gomez ere. Gomezek Celestino Corbacho ordezkatuko du eta Lan Ministerioaren ardura hartuko du; izan ere, Corbachok duela egun gutxi PSCren zerrendetan aurkeztuko zela adierazi zuen.
Gomez eta Jauregi ministroez gain, bi emakume iritsiko dira Gobernura: Leire Pajinek Trinidad Jimenez ordezkatu eta Osasun ministro berria izango da eta Jiminezek, berriz, Miguel Angel Moratinosek utziko duen Kanpo Arazoetako ministerioa hartuko du.
Aguilarrek Ingurumen ministerioa hartu eta Elena Espinosa ordezkatuko du.
Marcelino Iglesias Aragoiko presidentea PSOEko Antolaketa idazkari berria eta, horrela, Leire Pajin ordezkatuko du. Iglesiasek bi karguak izango ditu, beraz.
Etxebizitza eta Berdintasun ministerioak desagertuko dira
Horrez gain, Zapatero presidenteak Etxebizitza eta Berdintasun ministerioak ezabatuko ditu.
Beatriz Corredor orain arteko Etxebizitza ministroak Sustapen ministerioaren baitan izango den Estatuko Etxebizitza Idazkaritzaren arduraduna izango da hemendik aurrera. Berdintasuneko arloa, berriz, Osasun eta Gizarte Politika ministeriora pasako da.