Ekonomia -

GARRAIO PUBLIKOA

Gasteizko autobus elektriko adimendunaren proiektua urte hasieran lizitatuko dute

Proiektuak ia 43 milioi euroko aurrekontua du eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak laster onartuko dute finantzazio hitzarmena.

Autobus elektriko adimenduna. Argazkia: Irekia
Autobus elektriko adimenduna. Argazkia: Irekia
Autobus elektriko adimenduna. Argazkia: Irekia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko autobus elektriko adimendunaren proiektua 2018. urtearen hasieran lizitatu ahal izango da eta ia 43 milioi euroko aurrekontua izango du, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak gaur jakinarazi duenez. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak laster onartuko dute finantzazio hitzarmena.

Tapia sailburuak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran alkateak proiektuaren xehetasunen berri eman dute Artium museoan egin den ekitaldian, Euskal Trenbide Sareko (ETS) Cristina Lopez proiektuaren zuzendariaren babesarekin. Gasteizko garraio publikoa iraunkorragoa eta lehiakorragoa egiteko helburua du autobus elektriko adimenduna ezartzeko proiektuak.

Guztira, 42.850.000 euroko oinarrizko aurrekontua du, eta finantzaketarako hitzarmena berehala berretsiko da. Finantzaketaren banaketari dagokionez, tranbiaren eraikuntzarako aurrera eramandako eredu bera jarraituko da: Eusko Jaurlaritzak % 65 jarriko du, eta Araba Aldundiak eta Gasteizko Udalak % 17,5 bakoitzak.

ETS erakunde publikoak gauzatu du proiektu teknikoa. Behin hau amaituta, eta baldintza tekniko eta administratiboak idatzi eta gero, Gasteizko Udalak lizitazioari ekingo dio, autobus elektrikoaren sistema egungo 2. linean ezartzeko. Ondoren, Tuvisa udal enpresak ustiatuko du.

Autobus elektriko adimendunak hamar kilometroko ibilbidea izango du, eta 24 geraleku berri sartuko dira noranzko bakoitzean, orain arte "ohiko" geralekuak egon diren kokalekuetan. Markesinen estetika tranbiaren markesinen antzekoa izango da, baina 29"ko LCD pantaila handiagoa jarri da, itxaron beharreko denborari edo beste linea batzuekin dauden konexioei buruzko datuak denbora errealean eskaintzen dituen multimedia informazioa hobetzeko. Horrez gain, geralekuek jendearen arretarako sistemak izango dituzte, ahots eta bideo bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gasteizko Udala albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Ekonomia albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak Ekologia azken ordukoa Elektrizitatea azken ordukoa Gasteizko autobusak Garraio komuna gaur