Ekonomia -
Lan-gatazka
Euskalduna Jauregiko laguntzaileek greba mugagabea hasi dute
Eulen Euskalduna Jauregiak azpikontratatutako enpresako 45 langileek lan-baldintzak duin bihurtzea eskatzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Eulen Euskalduna Jauregiak azpikontratatutako enpresako 45 langileek greba mugagabea hasi dute ostegun honetan, haien lan-baldintzak duin bihurtzeko.
Langile kolektibo honek laguntza zerbitzua ematen dio Euskalduna Jauregiari, besteak beste, aretoak muntatu eta desmuntatzen ditu, laguntza teknikoa, atezainen laguntza, egokitzea, jantziak, ekitaldien antolaketa eta txartel-leihatiletako arreta ematen du.
Gaur 09:00etan bildu dira jauregiaren aurrean, grebari ekiteko; batzuk lepoan zapi zuria zutela eta tiragomekin azaldu dira, 80. hamarkadan ontziolek egindako grebak gogoratuz. "Espektakuluan langileen kontura jarraitu" behar duela kritikatu dute, Qeenen abestiari begi-keinu bat eginez.
Eulen enpresako langileen arabera, legeak ezarritako lanaldiak baino luzeagoak dituzte; lan-egutegirik gabe, ez dizkiete txanda, gau eta antzinatasun plusak onartzen… Enpresak etengabe libre egotea eskatzen die, aldez aurretik ordutegi aldaketak abisatu gabe eta soldatak eskasak dira, duela urte askotatik eguneratu gabe.
Euskaldunak 20 langile ditu, eta horiekin saiatuko da gabonetako programazioa aurrera ateratzen. Lehenengoa gaur bertan izango da, Drakis magoaren bi funtzioekin.
Plantillako langileak, ordezkatzeko
ELA sindikatuak salatu duenez, Euskalduna jauregiak Eulen enpresako beharginak ordezkatu ditu “azken orduan”, “grebak bere programazioan eraginik izan ez dezan”. Sindikatuak Lan Ikuskaritzari horren berri eman dio, eta datorren astean bilduko dira.