Ekonomia -
Lan-istripua
Aretxabaletan hildako autobus-gidariaren lankideek elkarretaratzea deitu dute
Protesta datorren astelehenean egingo dute Arrasaten. LAB sindikatuak gogoratu du "aurten lan-istripuan hildako lehen behargina" dela.
Agentziak | Erredakzioa
PESAko enpresa-batzordeak elkarretaratzea deitu du datorren astelehenerako Arrasaten (Gipuzkoa), konpainiako autobus-gidari baten heriotzagatik protesta egiteko. Langilea eta motorzale bat hil ziren bart.
Istripu larria 21:20 aldera gertatu zen ostegunean, GI-627 errepidean, Aretxabaletan.
LAB sindikatuak mobilizazioarekin bat egin du agiri batean, “aurten lan-istripuan hildako lehen behargina delako”.
Estatistika ofizialetatik at
LABek azaldu duenez, garraiolariek lanaldian zehar izaten dituzten ezbeharrak lan-istripuen estatistika ofizialetatik kanpo uzten dituzte. Horrela, ikerketa Ertzaintzak zuzentzen du, eta ez Osalanek.
“Ondorioz, ez da lan-istripu bati dagokion txostenik egiten, eta ez dira prebentzio neurriak hartzen”, salatu du sindikatuak.
Hildakoaren senitartekoei elkartasuna adierazi ondoren, “garraiolarien lan baldintza prekarioak” salatu ditu LABek.