Ekonomia -
TURISMOA
Euskadi eta Nafarroa helburu ezberdinekin aurkeztu dira Fitur azokan
Euskadik bisitarien egonaldia luzatzeko erronka du. Bestalde, Nafarroak San Fermin jaiak eta Donejakue Bidea ezagutzera emateko helburua du, Europatik heltzen diren turisten kopurua areagotzeko.
EITB.EUS
Bisitarien kopurua handitzeaz gain, turisten egonaldia luzatzeko erronka dutela adierazi du Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak. Horretarako eskaintza jasangarria eta anitza egin behar dutela zehaztu du, jarduera eta baliabide gehiagorekin.
EAEren “erronka handienetako” bat dela azpimarratu du Retortillok, Euskadik Fitur azokan duen standa zabaldu ondoren. Abenduko datuak gehitu eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoak 2017an 3,5 milioi bisitariak gainditu dituela gogorarazi du.
“Une honetan turismoa goraka doan balio bat da Euskadin”, ziurtatu du sailburuak.
Euskal Autonomia Erkidegotik 100 enpresa baino gehiago joan dira azokara. Retortilloren ustez, Euskadira datorren turista ez da leku masifikatuak gustuko dituena. Horren arabera, gastuari dagokionez ere, ezberdina da, eta kalitatezko zerbitzuaren truke gehiago ordaintzeko prest dago. Horrez gain, turismoa erakartzeko gakoa kalitatezko eskaintza ematea dela azpimarratu du.
Retortilloren iritzian, Euskadi profesionala, berritzailea eta kalitatezkoa erakutsiko dute. Bihar egingo den Euskadiren egunaz gain, danborrada ere egingo dute San Sebastian egunez.
Nafarroak Europako turista gehiago erakarri nahi ditu San Fermin jaiekin eta Donejakue Bidearekin
Bestalde, Manu Ayerdi Nafarroako Garapen Ekonomikorako presidenteordeak ziurtatu duenez, Foru Erkidegoak San Fermin jaiak eta Donejakue Bidea ezagutzera emateko helburua du, Europatik heltzen diren turisten kopurua areagotzeko.
Maitena Ezkutari Turismo zuzendari nagusiak azaldu duenez, helburua betetzeko neurrien artean, Nafarroak milioi erdi euro inbertituko ditu iragarki kanpainetan Foru Erkidegoa atzerriko merkatuan kokatzeko, Alemanian eta Frantzian batez ere.
Ayerdik 2017-2025 aldirako turismo plan estrategikoa aurkeztu du gaur Fiturren. Aipaturiko planaren arabera, hazteko aukera handia du Nafarroak.
Foru Gobernuak Donejakue Bidea sustatu nahi du, hazkunde horretan lagun dezakeela iritzita, eta Iruñea Frankfurtekin lotzen duen linea berria baliatuz.
Dagoeneko abian da Madrilen Fitur Turismoaren Nazioarteko Azokaren 38. ekitaldia. Aurtengoan, 165 herrialde eta eskualdetako 10.000 enpresa bilduko dira bertan.
Igandera bitartean egingo den azokan, iaz baino % 8 erakustoki gehiago izango dira (816) —nazioarteko eskaintzari dagokionez, eskaintza % 13 handiagoa izango da—.
Aurtengo edizioan, India izango da gonbidatu nagusia, eta, ondorioz, % 35 handitu du bere parte-hartzea. Horrez gain, hainbat herrialdek lehen aldiz hartuko dute parte azokan: Siria, Sao Tome eta Principe, Bangladesh, Bosnia-Herzegovina, Azerbaijan, Bielorrusia, Bolivia, Ekuador, Ekuatore Ginea, Letonia, Maurizio, Puerto Rico eta Ukraina.
Bihar izango da Euskadiren eguna, eta etzi, Nafarroarena.