Ekonomia -
ELKARRETARATZEA
Autobus-geltokiko supermerkatua jaiegunetan zabaltzearen aurkako protesta, Donostian
50 bat lagunek parte hartu dute elkarretaratzean; ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deitu dute ekitaldia.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituta, 50 bat lagunek hartu dute parte Donostiako autobus-geltokian igande honetan egindako elkarretaratzean; hain zuzen, geltokiko supermerkatua igandeetan eta jaiegunetan irekitzearen aurka protestatzeko egin dute. Sindikatuen xedea izan da, hortaz, galdegitea supermerkatua ez zabaltzea jaiegunetan.
'Igande eta jaiegunetan itxita' lema zuen pankarta bat zutela, manifestariek jaiegunetan irekitzearen aurkako oihuak bota dituzte, eta kartelak ere erakutsi dituzte, 'Gure aisia ez da negozioa'; Uvesco taldeko BM supermerkatuaren sarreran egin dute protesta, berriki inauguratu dute autobus-geltokian.
Maddi Aspiazu ELAko bozeramaileak azaldu duenez, igandeetan eta jaiegunetan supermerkatua ez irekitzea lortzea da protestaren helburua; izan ere, egun horietan lan egitea "herritarren interesen aurkakoa da, eta gutxi batzuen interesen aldekoa".
"Etika soziala"
"Gauza bat da legeak zer dioen, eta beste bat, aldiz, etika sozialak zer agintzen duen. Jaiegunetan ez irekitzearen aldekoak gara gu, eta ez dugu aitzakiarik nahi; bestela, Madril edo Bartzelona bezalako hiri bat bilakatuko gara, horietan ez dago bereizterik astelehena den, igandea den, larunbata den edo asteartea den", gehitu du Aspiazuk.
Sindikatuko ordezkariaren iritziz, igandeetan irekitzeak ez dakar lanpostu gehiago, baizik eta tarte baterako kontratazioak egotea: "Hori ez da onuragarria langilearentzat, ordu batzuk besterik ez baitira, horrela ez dago denbora ondo antolatzerik".
Sindikatuen iritziz, jaiegunetan irekitzeak ez du esan nahi kontsumoak gora egingo duenik, eta, berez, kontsumitzaileek ez dute hori eskatzen; hori dela eta, Uvesco taldeko zuzendaritzari eskatu diote "erabakia atzera botatzeko", eta supermerkatua jaiegunetan ez irekitzeko.