Ekonomia -
Bilboko portuan
Likidotutako gas naturala kargatzeko lehen proba egin du Oizmendi ontziak
Arantxa Tapia sailburuaren esanetan, ontziak hornitzeko zerbitzu berri horrek 'itsasoan garraio jasangarria egiteko erreferente europar gisa kokatzen gaitu'.
Agentziak | Erredakzioa
Likido bihurtutako gas naturala ontzi batetik bestera kargatzeko lehen proba egin dute gaur goizean Bilboko portuan Energiaren Euskal Erakundearen parte den Itsas Gas sozietateak, Remolcadores Ibaizabal enpresak eta Murueta ontzi-enpresak. Eraberritutako Oizmendi ontzitik iragaitzazko zementu ontzi batera gasa kargatuta egin dute gaurko lana.
Eusko jaurlaritzak nabarmendu duenez, 'LNGbunkering' izenez ezaguna denaren operazioa egiten den lehen aldia da Arko Atlantiar osoan eta Mediterraneoan. Beraz, "ontzi sektorean energia garbiago hornitzea lortzeko bidean mugarria da gaurko pausoa", esan du Tapiak, "petrolioaren deribatuen menpeko sektorea" izanik.
Aurkezpenean honako ordezkari hauek hartu dute parte: Arantxa Tapia Energiaren Euskal Erakundearen presidenteak eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura sailburuak; Iñigo Ansola EVEren zuzendari nagusiak eta Itsas Gaseko presidenteak; eta Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak.
Arantxa Tapia sailburuaren esanetan, ontziak hornitzeko zerbitzu berri horrek "itsasoan garraio jasangarria egiteko erreferente europar gisa kokatu gaitu". Halaber, "gasa hornitzeko erreferentziazko ibilbide" bihurtu ditu Euskadiko portuak.