Ekonomia -
Langileen irteerarako
Thysseneko enpresa-batzordeak eta zuzendaritzak akordio bat lortu dute
Aurreakordioa batzarrean berretsi behar dute langileek lantegian, astelehenean. Zuzendaritzak aurrikusi bezala, enpresa itxi egingo da, baina momentuz ez dago data zehatzik.
Erredakzioa
ThyssenKrupp Bilstein Iberica konpainiako zuzendaritza eta enpresa-batzordea aurreakordio batera heldu dira gaur. Horrela, Alonsotegiko lantegiaren egitasmo soziala adostu dute. Lantegia itxi ostean langileek berriz kokatzeko plan bat aurrikusten du egitasmoak, zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak jakitera eman dutenez.
Bi aldeek aurreakordio bat lortu dute arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren bitartekotzarekin.
Aurreakordioa batzarrean berretsi behar dute langileek lantegian, astelehenean, Iñaki Sanchez (ESK) enpresa-batzordeko kideak jakinarazi duenez.
Enpresak zabalik jarraituko du datozen hilabeteetan, baina zuzendaritzak aurrikusi bezala itxi egingo dute, nahiz eta oraindik horretarako data zehatzik ez finkatu.
Hiru aukera
120 langile finkoek hiru aukera izango dituzte: lan-merkatuan berriz kokatzeko lan-poltsa batean sartu, kalte-ordaina jaso edo erretiroa hartu.
Sanchezek azaldu duenez, langileek 15 eguneko epea izango dute erabakitzeko.
Datozen asteetan beharrezko dokumentazioa aurkeztuko du enpresak Eusko Jaurlaritzaren enplegu ordezkaritzan, eta neurriak onartzen dituenean indarrean sartuko dira.