Ekonomia -
Lana
Euskadiko langileak estatu espainiarrekoak baino % 18,5 gehiago egoten dira bajan
Lurraldez lurralde, Bizkaiako langileak egoten dira denbora gehien bajan batez beste (9,65 egun afiliatu bakoitzeko); Arabakoak, berriz, gutxien (7,68 egun).
Agentziak | Erredakzioa
Gizarte Segurantzan Euskadin afiliatutako langileak 8,82 egun egon ziren bajan batez beste 2017ko urtarriletik irailera, estatu espainiarrekoak baino % 18,5 gehiago. Izan ere, Espainiako Gobernuko Euskadiko Ordezkaritzak emandako datuen arabera, afiluatu bakoitzeko batez besteko baja egunak 7,44 dira estatuan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuz gero, Bizkaiko langileak egoten dira denbora gehien bajan (9,65 egun afiliatu bakoitzeko), eta Arabakoak gutxien (7,68 egun). Bizkaian izandako hazkundea (% 16,36) da nabarmenena, urteko konparatiboa kontuan izanik. Bestalde, Araban % 8,22 egin du gora eta Gipuzkoan, % 3,72.
2016ean urtarriletik irailera izandako datuekin alderatuta, aldi baterako ezgaitasun egoeran egondako egun kopuruak %8,23 egin zuen gora estatu espainiarrean; Euskadin, berriz, % 10,99 igo zen, estatuan baino bi puntu eta erdi gehiago.
Halaber, aldi baterako ezgaitasunagatik lanik egin gabe egondako egun kopuruak gora egin zuen 2017ko lehen bederatzi hilabeteetan (8.300.953 egun eta 2016ko epe berean, 7.479.227 egun).
Gaixotasunak
Bestalde, 365 egun baino gehiagoko 1.314 baja mediku zenbatu zituzten 2017ko urrian. Baja gehien hezurretako, artikulazioetako eta giharretako gaixotasunek eragiten dituzte (529). Ondoren, buruko desorekengatik izaten dira baja gehien (225). Neoplasiak daude hirugarren gaixotasun ohikoenen zerrendan (171, 2017ko urrian).