Ekonomia -
GREBA
Eudelek baztertu egin du udaletan banakako negoziazio mahaiak irekitzea
Sektoreko hitzarmena izango dena Mahai Orokorraren bueltan negoziatzea defendatu du Euskadiko Udalen Elkarteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak udaletan banakako negoziazio mahaiak irekitzea baztertu du gaur, ohar bidez. Horrez ordez, sektoreko hitzarmena adostea eta Mahai Orokorraren bueltan negoziatzea defendatu du.
ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute bihar Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko administrazioetan, eta horren aurrean duen jarrera azaldu du gaur Euskadiko Udalen Elkarteak. Ildo horretan, EAEko tokiko erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz hitzarmena negoziatzeko prest agertu da.
Halaber, hurrengo egunetan sindikatuekin aldebiko bilerak egiteko prest agertu da, negoziazioetan aurrerapausoak emateko.
Eudelek ukatu egin du sindikatuek salatutako negoziaziorako borondate falta, eta 2016ko abenduan Negoziazio Mahai Orokorrean proposamen "xehatua" aurkeztu zuela eta sindikatuek ukatu egin zutela nabarmendu du. Eudelen arabera, krisi garaian galdutako erosahalmena berreskuratzea, lizentzia, baimen eta kontziliazio alorrean hobekuntzak egitea, egonkortasunerako konpromisoa hartzea, lanpostuak sortzea eta Udalhitz berrikustea proposatu zuen.
Euskadiko Udalen Elkartearen esanetan, legegintzaldi honetan "ahalegin izugarria" egin du negoziazio kolektiboaren gaian eta akordioa lortze aldera ahalegina egiteko prest jarraitzen du.