Ekonomia -
Ez-ohiko saioa Kongresuan
Zapaterok onartu du zaila izango dela ekonomia suspertzea
Gauzak horrela, Mariano Rajoyk presidente kargua uzteko exijitu dio, "akatsak inposatzen" jarrai ez dezan. Horrez gain, EAJk "emandako babesa" beti gogoan izango duela azpimarratu du Zapaterok.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapaterok onartu du ekonomia suspertzeko zailtasunak handiak direla. Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du enpleguaren hobekuntza "oso ahula" dela oraindik, eta beraz, ez duela ziurtatzen "joera aldaketa atzeraezina". Bere esanetan, langabeen kopurua "jasanezina" da oraindik.
Gobernuburua Kongresura joan da gaur, langabeziari buruzko saio monografiko batean azalpenak emateko. Hitzaldian, Zapaterok gogorarazi du enplegu-suntsiketa datu txikienak lortzen ari direla krisia piztu zenetik, baina datuak "zuhurtzia handiz" hartu nahi dituela gaineratu du.
Bere esanetan, langabezia datuei buelta ematea lan "mardula" izango da, eta hortaz, oraindik ezin da "pozik" egon.
Susperraldiari dagokionez, Zapaterok esan du hazkundea "benetakoa eta iraunkorra" izango dela, "baina oraindik motela eta zehazgabea da".
Horrenbestez, susperraldiaren lehen fasean "ez da komeni enplegu sorkuntza aurrez ikustea", langabeziak beherakada oso txikia izango baitu.
Horren harira, krisia hasi zenetik lehenengo aldiz, hirugarren hiruhilekoan langabezia 71.000 pertsonatan murriztu zela azpimarratu du eta langabezia tasa % 19,8an kokatu dela.
Ekonomiaren joerari dagokionez, Zapaterok iragarri du gora egiten jarraituko duela aurten eta 2011n azkartu egingo dela susperraldia, BPGren igoera % 1,3ra iritsiko dela aurreikusi du eta.
Pentsioen erreformaren lege proiektua, martxoa aurretik
Bestalde, Gobernuko presidenteak iragarri du 2011ko lehenengo hiruhilekoan pentsioen erreformaren lege proiektua bidaliko dutela Diputatuen Kongresura.
"Alderdi gehienen babesa jasotzea" gustatuko litzaiokeela aitortu du Zapaterok, izan ere, "atzera bueltarik ez" duen erronka bat dela uste du.
Haren esanetan, Kongresura proiektua bidali aurretik, Gobernuak Toledoko Itunaren Batzordeak pentsioen erreformari buruz emandako aholkuak entzungo dituzte.
Energia sektorearen erreforma, berehala akordiorik egon ez arren
Datozen asteetan energia sektorearen erreformaren puntu nagusiak aurkeztuko dituzte, alderdi politikoekin eta sozialekin akordioa lotzeko "azken saiakerak" ez badu fruiturik ematen.
Gobernuak gas eta elektrizitatearen merkatua liberalizatzeko prozesuarekin jarraituko du.
Berdintasun Legea betetzen duten enpresen alde
Gobernuak Berdintasun Legea betetzen duten eta zuzendaritzan emakumeen eta gizonen artean oreka duten enpresen alde egingo du kontratu publikoen kasuan.
Gainera, Zapaterok berretsi du Berdintasun Legearen aurreproiektua urtea amaitu aurretik onartuko dutela diskriminazioak saihesteko.
Eskerrak EAJri
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernukopresidenteak EAJk 2011ko Aurrekontuak onartzeko Orduan emandako babesa"beti" gogoan izango duela adierazi die alderdi jeltzalearenordezkariei. Hori kontuan eduki eta nazionalistekin "koherentea" izangodela azpimarratu du.
Hori da Zapaterok Josu Erkoreka EAJkobozeramaileari enpleguaren ezohiko bilkurako eztabaidan esan diona.Presidenteak, gainera, emandako babes hori ezkertu die jeltzaleei.
Zapaterokenergia sektorearen erreforma EAJrekin adosteko konpromisoa agertu du,tarifen defizita murrizteko. Horren harian, innobazioaren aldekopolitikak eta energia politikak "EAJrekin eztabaidatu eta adostukodirela" adierazi du.
Rajoyk alde egiteko eskatu dio Zapaterori
Mariano Rajoy PPren buruak karguari uko egiteko eskatu dio Zapaterori akatsak egiten jarrai ez dezan, izan ere, pertsona batek "horrenbeste" akats egiten dituenean, "erretiratu egin behar du, nahiz eta legeak ez behartu".
PPren presidentearentzat, Zapaterok alde batera utzi behar ditu "ekonomia berdea" bezalako "ameskeriak" eta kargua utzi behar du "moralak behartuta".