Ekonomia -
Batzar Nagusiak
Bizkaiak zerga erreforma onartu du EAJ, PSE-EE, PP eta Talde Mistoaren botoekin
Rementeriaren esanetan, fiskalitate "lehiakorraren' eta zerbitzu publikoak hornitzeko 'zergak biltzeko gaitasunaren' arteko 'oreka' bermatzen du erreformak.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Batzar Nagusiek zerga erreforma onartu dute gaur EAJren, PSE-EEren, Alderdi Popularraren eta Talde Mistoaren babesarekin. EH Bilduk eta Podemosek kontra bozkatu dute.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, beste lurraldeekiko "fiskalitate erakargarri eta lehiakorraren" eta "zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko zergak biltzearen gaitasunaren arteko oreka" bermatzen du onartutako erreformak.
Batzar Nagusien bilkurak Ogasun Batzordean onartutako txostena eztabaidatu du, eta EH Bilduk aurkeztutako 36 zuzenketa partzialak baztertu ditu. Aurrez, Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketa errefusatu du Batzordeak.
Europako funtsak eta zerga ezberdinak
Zerga erreforma horrek epe luzerako funtsa europarren zerga trataera arautzen du, eta funtsa horietara ekarpenak egiten dituztenentzako onurak jasotzen ditu.
Horrez gain, hainbat zergatan aldaketa ekarriko du, besteak beste, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, ondarearen eta sozietateen gainekoetan. Sozietate zergari dagokionez, bi urtetan % 28tik % 24ra jaitsiko da; enpresa txiki eta ertainen gainekoa, berriz, % 24tik % 20ra. Orain arte zeuden kenkarietan ere aldaketak egin dituzte.
Pertsona fisikoen errentaren eta ondarearen gaineko zergetan, goi mailako prestakuntza duten langileak erakartzeko neurriak hartu dituzte. Ekintzailetza sustatzeko mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainen inbertsioak egiteagatik kenkariak aurreikusi dituzte. Horrez gain, alokairuaren alde egiten duten 30 urte beherakoek dituzten kenkariak %25etik % 30era handituko dituzte, urteko kopuru maximoa 2.000 eurotik 4.000 eurora igota.
Taldeen iritziak
Proiektua babestu dutenen taldeen artean, EAJk lortutako "babes zabala" goraipatu du. PSE-EEk sozietate zerga jaitsi izanari garrantzia kendu dio, adierazle "aipagarria" ez delako, bere iritzian. PPk eta Talde Mistoak (Arturo Aldecoa popular ohiak bakarrik osatua) erreforma txalotu dute, eta erakundeei "egonkortasuna" emango diela erantsi.
Kontra agertu direnen artean daude EH Bildu eta Podemos. Koalizio abertzaleak erreforma kritikatu du eta zerga sistema "justuago eta orekatuago" bat aldarrikatu du. Koalizio morearen hitzetan, onartutakoa "adabaki fiskal" bat da, zerga bilketaren gaitasuna murriztuko duena, eta "betikoei" mesede egingo diena.