Ekonomia -
EB eta NDF
Gizarte laguntzak 3.000 milioitan murriztuko ditu Irlandako Gobernuak
Brian Cowen lehen ministroak Irlandaren erreskaterako doiketa plana aurkeztu du. 15.000 milioi euroko murrizketa aurreikusten du, 2014rako defizit publikoa %3ra jaisteko.
Erredakzioa
Gizarte laguntzak 3.000 milioi eurotan murriztuko ditu Irlandako Gobernuak hurrengo lau urteetan. Horrez gain, 1.200 milioi aurreztuko ditu 24.750 funtzionari kaleratuz eta zerga guztiak iragarriko ditu.
Brian Cowen Irlandako lehen ministroak iragarri ditu neurriok. "Herriak etorkizuna baduela agerian utzi behar dugu", esan du bere agerraldian. Lau urteko iraupena izango duen doiketa plana gaur aurkeztuko du Cowenek. 15.000 milioi euroko murrizketa aurreikusten du 2014rako defizit publikoa Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 3ra jaisteko.
Plan honetako lehen fasea abenduaren 7an martxan jarriko dute. Egun horretan 2011ko Aurrekontuen proiektua Parlamentura eramango dute.
Gaur goizean, Brian Cowen Irlandako lehen ministroak jakinarazi du 85.000 milioi euroko erreskate plana ari dela negoziatzen Europar Batasunarekin (EB) eta Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF).
Egitasmo horren lehenengo fasea abenduaren 7an hasiko da Parlamentuan, 2011ko aurrekontuen aurkezpenean. Izan ere, kontuen onarpena oinarrizkoa da Irlandak EBren eta NDFren diru-laguntza jaso ahal izateko.
Doiketa planak, 150 orriko txosten batean jaso dutenak, zerga erregimen berria eta jabetzaren eta uraren gaineko zergak aurreikusten ditu. Gainera, murriztu egingo dituzte laguntza sozialak eta lanbide arteko soldata minimoa.
Europar Batasunak gogorarazi du Irlandak, diru-laguntza jaso nahi badu, errentaren gaineko zerga igo beharko duela eta aurrekontuak onartu abenduan, datorren urtean 6.000 milioi euro aurreztea helburu.