Ekonomia -
EBren ebazpena
Patxi Lopezek dio lanean ari direla enpresen itxiera saihesteko
Bizkaiko eta Arabako aldundiek etxeko-lanak egin dituztela azpimarratu dute. Errioxa, berriz, gustura agertu da "opor fiskalei" buruzko ebazpenarekin.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak esan du euskal erakundeak lanean ari direla Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ''opor fiskalen'' inguruan emandako epaiaren ondorioz enpresak ixtea saihesteko.
Patxi Lopezek Ajuria Enean azaldu duenez, 90eko hamarkadan eman zituzten laguntza horiek "bateragarriak" ziren Europar Batasuneko Zuzenbidearekin.
Bizkaiak berretsi du jaso zutela dirua
Bizkaiko Aldundiak, bere aldetik, laguntza fiskal horien onurak jaso zituzten enpresa guztiek ordaindu dutela berretsi du. Gainera, Aldundiak esan du Europako Batzordearen erabakia ez dutela ofizialki jaso, baizik eta "prentsa-ohar baten bitartez".
Era berean, Europako Batzordeari "azken urteotan eskatu diguten informazio osoa, 100.000 orri baino gehiago" eman diotela errepikatu du "beste behin ere".
Araba
Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak ere "etxeko-lanak" egin dituztela eta enpresek dirua itzuli dutela azpimarratu du. Gogor salatu du EBren jarrera, izan ere, "79 hilabete, sei urte baino gehiago, tardatu zuen aldundien laguntzak Estatuaren diru-laguntzak ziren ala ez erabakitzeko".
"2008tik, Arabako Aldundiak kalkulua egin zuen eta enpresek dirua itzuli zuten", gaineratu du. Era berean, "gure enpresen alde" egiten jarraituko dutela goraipatu du.
ELArentzat arduragabe jokatu zuten
Adolfo Muñoz ELAren idazkari nagusiak "arduragabe kuadrila" deitu die aldundietako buruzagiei "opor fiskalak asmatzeagatik". Horren harira, "patronalarekin ezkutuan, inorekin eztabaidatu edo adostu gabe, hartutako erabakiek" orain euskal gizarteari "kalte handia" egingo diotela salatu du.
Errioxa, gustura
Errioxako Gobernua, berriz, "gustura" agertu da Europako Batzordearen erabakiarekin, "zeren Justizia Auzitegiaren ebazpena betetzea suposatzen baitu".