Ekonomia -

Ecofineko bilera

85.000 milioi euro emango dizkiote Irlandari, Frantziaren esanetan

-Maiatzean eratutako 750.000 milioiko erreskate funtsak diru gehiago behar izatea ukatu du Ecofineko presidenteak.
-8.000 milioi euroko mailegua emango diote Londresek Dublini.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Christine Lagarde Frantziako Ekonomia Ministroak baieztatu duenez, Europar Batasunak (EB) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) 85.000 milioi euro emango dizkiote Irlandari eta Dublinek trukean ordaindu beharreko interes-tasa hitzartzeko dago.

EBko Ekonomia Ministroek ez ohikoa bilera antolatu dute Irlanadaren plana onartzeko. Didier Reyners Belgikako Finantza ministroak eta Ecofineko txandakako presidentearen hitzetan, "Euroguneak erantzun bat eman behar du eta bere moneta defendatu. Greziaren kasuan horrela jokatu dugu eta Irlandarenean gauza bera egin behar dugu. Gainera, etorkizuneko arazoei aurre egiteko gai izateko neurri guztiak hartu behar ditugu".

Bestalde, maiatzean eratutako 750.000 milioiko erreskate funtsak "oraingoz" diru gehiago behar izatea ukatu du Ecofineko presidenteak.

Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak, bere aldetik, "erabat" baztertu du Espainiak EBren eta NDFren laguntza ekonomikoa behar izatea, eta erreskateak Espainiarekiko mesfidantza uxatuko duela espero du.

8.000 milioiko mailegua emango dio Erresuma Batuak Irlandari

Egongorkotasun ekonomikoa berreskuratzeko eta susperraldia egonkortzeko Erresuma Batuak "bere papera jokatuko du", adierazi du George Osborne Ekonomia ministroa britainiarrak.

"Irlandarekin eta beste europar herrialdeekin harreman komertzial asko ditugunez, denoi komeni zaigu, eta britainiarron interesentzat komenigarria da Irlandan eta Eurogune guztian egonkortasun ekonomikoa lortzea", azpimarratu du Osbornek. 8.000 milioi euroko mailegua emango dio Londresek Dublini.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea