Ekonomia -
Industria
Ezkerraldeko eta Meatzaldeko teknologia parkearen lehen harria jarri dute
Erabat bukatuta egongo denean, parkeak 50 enpresa eta 2.000 langile izango ditu, eta 800 milioi euro fakturatuko ditu urtean.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Ezkerraldea-Meatzaldea Zientzi eta Teknologia Parkeko lehen harria jarri dute ostiral honetan, Abanton. 10-15 urte barru erabat bukatuta dagoenean, parkeak 50 enpresa eta 2.000 langile izango ditu, eta 800 milioi euro fakturatuko ditu urtean.
Lehenengo harria jartzeko ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia egon dira, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko hainbat alkaterekin batera.
Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldearen bitartez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dute teknologia parke honen proiektua. Guztira, 26,2 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2020. urtera arte.
Rementeriaren esanetan, proiektuaren helburuak izango dira “euskal enpresek lehiakortasuna eta nazioarteko lidergoa sendotu, abangoardia teknologiak eta proiektu handien garapena sustatu eta euskal energia sektorea nazioartean ikusgarritasun gehiago lortzea”.
Lehendakariaren arabera, teknologia parkeak berrikuntza, teknologia eta ezagutzaren euskal “ekosistema bultzatu” egiten du. Halaber, proiektu honekin “etorkizuneko industria” sustatzen duela nabarmendu du, eta gaineratu du parkearen oinarriak “espezializazio adimenduna, 4.0 industria, ekoizpen aurreratua eta berrikuntza teknologikoa” izango direla.
Energia sektorean erreferenteak
Parkearen eraikin nagusian egongo dira egoitza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Energy Intelligence Center (EIC) ekimena, energiaren sektorean ezagutza teknologikoa sustatu eta I+G+B proiektua garatzea helburu duena
Ahaldun nagusiak azaldu du EIC ekimena “aliatu bat” izango dela energia enpresentzat, Bizkaiak energian eta industrian erreferentea izaten jarraitzeko.