Ekonomia -

Manifestazioa

Pentsio-sistema publikoa eta propioa aldarrikatu dute pentsiodunek Iruñean

Pentsionistak Martxan eta Sasoia pentsiodunen elkarteek deituta, KPIra lotutako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko eskatu dute.

Ehunka lagun bildu dira Iruñean, pentsio sistema publikoaren defentsan. Argazkia: EiTB
Ehunka lagun bildu dira Iruñean, pentsio sistema publikoaren defentsan. Argazkia: EiTB
Ehunka lagun bildu dira Iruñean, pentsio sistema publikoaren defentsan. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pentsio sistema publikoa eta propioa aldarrikatu dute igande honetan Iruñeko kaleetan Pentsionistak Martxan eta Sasoia erretirodunen eta pentsiodunen elkarteek. Gainera, KPIra lotutako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko eskatu dute.

Ehunka lagunek bat egin dute manifestazioarekin, hainbat ordezkari politikok barne, besteak beste, Bakartxo Ruiz  eta Asun Fernandez de Garaialde EH Bilduko parlamentariek, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren ordezkariek ere.

"Hemen eta orain 1.080 euroko pentsioa. KPIren berme osoa. Pentsio-sistema publikoa eta propioa" lemapean manifestatu dira, Iruñeko alde zaharra zeharkatu dute eta hainbat oihu abestu dituzte ibilbidean zehar, hala nola, "Eskuak gora, hau lapurreta bat da", "Hemen kotizatzen dugu, hemen kudeatzen dugu".

Udaletxeko plazan amaitu dute mobilizazioa, eta bertan irakurritako agiriaren bidez salatu dutenez, "pentsiodunen bizi-baldintzek okerrera egin dute", eta sistemaren erreformari, Menpekotasun Legeari edo osasun koordainketari, besteak beste, egotzi diete hori.

"Diru-kutxa bakarrari lotuta egoteak pobrezia ankerrenera bultzatzen gaitu", deitoratu dute. Hori dela eta, Segurtasun eta Babes Sistema propioa aldarrikatu dute, "gure erabakien ondorioz jaiotako sistema, alegia, gure lurraldean sortutako aberastasunari eta arau-gaitasunari esker".

Bien bitartean, "aurrerapausoak emateko" eskatu diote Foru Gobernuari, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIra lotutako igoerak ahalbidetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Albisteak Nafarroa KPI gaur Gizartea albisteak Ekonomia Gaurko azken ordukoa Manifestazioak gaur Pentsioak 2024