Ekonomia -

Sestao

Productos Tubulareseko langileek bideragarritasun plan bat eskatu diote enpresari

Zuzendaritzak, aldiz, pilatutako galeren emaitzak aurkeztu dizkie eta grebarekin egoerak "okerrera egin" duela esan du. Halere, aurten aukera ona izango dutela helarazi du enpresak.

Lantegiko langileak, aurreko astean bilduta. Argazkia: EFE
Lantegiko langileak, aurreko astean bilduta. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Productos Tubulareseko langileek eta enpresako zuzendaritzak bilera izan dute astelehenean, Lan Enplegu Erregulazioa (LEE) eta doikuntza neurriak bertan behera utzi eta langileek greba mugagabea egiteari utzi ostean, aurreko martxoaren 8an. Bileran, sindikatuek bideragarritasun plan bat eskatu dute, eta enpresak azkenaldian pilatutako galerak aurkeztu dizkie.

Langileen batzordeak Europa Pressi adierazi dionez, bileran berretsi dute kaleratzeen aurka daudela, eta bideragarritasun plan bat martxan jartzearen alde agertu dira. Zuzendaritzak, aldiz, enpresaren egoera helarazi die eta, esan duenez, egoerak "okerrera egin" du langileek egindako grebarekin. "Aurten aukera ona izango dugula esan digute, hodien salneurria igo egin delako, baina zor handia dugu gure gain, eta horrek oztopatzen gaitu", azaldu dute.

Bi aldeek beste bilera bat egitea adostu dute, baina oraindik ez dute zehaztu noiz. Bilera egin bitartean, langileek ez dute mobilizazio gehiagorik egingo, baina langileen batzordea Legebiltzarrera joango da ostiralean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos taldeek aurkeztutako ekimenen eztabaidan parte hartzeko.

Enpresak iragarri zuen 157 langileri eragingo zien LEEa eta gainerako neurriak, esaterako, soldata jaitsi, lanaldia igo edo Sestaoko lantegia ixtea, bertan behera utziko zituela. Gainera, batzordeari jarduerara itzultzea eta larrialdiko elkarrizketa abiaraztea eskatu du, enpresa "salbatu" ahal izateko. Hala, langileek greba bertan behera utzi eta lanera itzultzea erabaki zuten aurreko ostegunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Bizkaia Lana Ekonomia Albisteak Enpresak