Itxi

Ekonomia

Erreforma

EAJk eta PSE-EEk diru-sarrerak bermatzeko errentaren lege proposamena aurkeztu dute

EITB.EUS

Beste neurri batzuen artean, etxe bakoitzeko gehienez errenta bat ematea eta Pentsiodunentzako Bermatutako Errenta sortzea aurreikusi dute.

  • Amaia Arregi (EAJ) eta Gloria Sanchez (PSE-EE) Legebiltzarrean. ETB

    Amaia Arregi (EAJ) eta Gloria Sanchez (PSE-EE) Legebiltzarrean. ETBren bideo batetik hartuko irudia

EAJ eta PSE-EE talde parlamentarioek Diru-Sarrerak bermatzeko eta Inklusiorako lege-proposamena erregistratu dute ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean. Izapide horren bidez erreformaren tramitazioa arindu izan dute taldeok. Beste neurri batzuen artean, etxe bakoitzeko gehienez errenta bat ematea aurreikusi dute.

Arauaren oinarriak dira Beatriz Artolazabal sailburuak 2017ko maiatzean Legebiltzarrean aurkeztutako neurriak, eta "kontuan izan ditu azken sei hilotan Parlamentuan hirugarren sektoreko 20 erakunde inguruk egindako ekarpenak", bi taldeek elkarrekin bidalitako ohar batean azaldu dutenez.

Eusko Jaurlaritzak 2018 urte amaierako zeukan aurreikusita erreforma gauzatzea, baina bi taldeek uste dute "funtsezkoa" dela tramitazio arinagoa egitea, "ahalik eta adostasun politiko handienean oinarrituta".

Amaia Arregi (EAJ) eta Gloria Sanchez (PSE-EE) legebiltzarkideek erregistratu dute proposamena.

Proposatutako neurriak

Berrikuntzen artean, Pentsiodunentzako Bermatutako Errenta sortzea proposatu dute. Erretiro-pentsio txikienak dituzten pertsonei euren oinarrizko premiei lotutako gastuei aurre egiteko laguntza izango da honakoa, eta gehienez 784,88 euro jaso ahalko ditu nukleo pentsiodun baten baitan dauden pertsonek. Horrez gain, zenbatekoak kalkulatzeko adierazle berri bat proposatu dute, egungo lanbide arteko gutxieneko soldataren ordez: Gutxieneko Gastuen Adierazlea.

Bada gehiagorik. Orain arte, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) jasotzaile bat baino gehiago egon zitezkeen etxebizitza berean. Hori aldatu nahi dute bi taldeok, eta gehienez errenta bat ematea planteatu dute. Hala, bizikidetza-unitate bakoitzeko gehienez errenta bat jaso ahalko da, "bizilagunen harreman juridiko, afektibo edo familiarra edozein dela ere".

EH Bildu eta Podemos alderdien eta sindikatu eta elkarteen proposamenak

Jaurlaritza osatzen duten bi alderdion lege-proposamenaz gain, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek eta sindikatu eta elkarteek euren proposamenak aurkeztu dituzte. Alderdi Popularrak, oraingoz, ez du planteamendu zehatzik egin.

Aipatu bi alderdiek eta kolektiboek diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa igotzea eta errenta hori jasotzeko baldintzak malgutzea proposatu dute. Euren helburua, diotenez, pobrezia egoeran egonda ere errenta jasotzeko eskubiderik ez dutenen kopurua jaistea da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena