Ekonomia -

Maiatzaren Lehena

Mobilizazioa, berdintasuna eta duintasuna aldarrikatuko dituzte maiatzaren 1ean

Maiatzaren Lehena Bilbon eta Iruñean ospatuko du ELAk. LABek 25 mobilizazio deitu ditu Euskal Herri osoan. CCOOk eta UGTk manifestazio bateratuak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

2017ko Maiatzaren Lehena Iruñean. Artxiboko argazkia: EFE
2017ko Maiatzaren Lehena Iruñean. Artxiboko argazkia: EFE
2017ko Maiatzaren Lehena Iruñean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 8ko mobilizazio feministei eta pentsiodunen protestei jarraipena ematearen aldeko apustua egingo du ELA sindikatuak Maiatzaren Lehenean. “Mobilizazio sozialik gabe, aldaketarik ez da posible izango”, ohartarazi du Adolfo Txiki Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak aurkezpenean.

Maiatzaren 1a, astearte honetan, Iruñean eta Bilbon ospatuko du sindikatu abertzaleak. “Pobreziari gerra! Soberan inor ez” lelopean, manifestazioak egingo ditu.

Muñozek prentsaurrekoan azaldu duenez, ELAk “kontra-botere” izateko konpromisoa du, testuinguru “gogorrari” aurre egiteko. Buruzagiaren ahotan, “lan-erreforma oso latzekin lortutakoa, sindikatuen indarraren aurrean bakarrik galtzera beharturik ikusten da” patronala.

Testuinguru honetan, “egonkortasun” hitza “fetitxe” bihurtzen ari dela salatu du Muñozek. “PPk, EAJk eta PSE-EEk eta, beharrezkoa balitz, Ciudadanosek adostutako politikak” ez direla aldatzen gaineratu du. Idazkari nagusiaren hitzetan, “elkarri egonkortasuna ematen diote erakundeetan, politika berdinak aplikatzeko”.

 

Lan eta bizitza "duinak" eta burujabetza aldarrikatuko ditu LABek

 

Bestalde, LAB sindikatuak kalera ateratzeko eskatu du Maiatzaren Lehenean, ezkerreko burujabetza prozesu baten eskutik lan eta bizitza “duinak” lortzeko helburuarekin. Sindikatu abertzalearen esanetan, beharrezkoa da aldaketa soziala bultzatzea eta lan harremanetarako euskal markoa eraikitzea.

"Lan duina, bizi duina, herri duina. Burujabetza ezkerretik", lelopean 25 mobilizazio deitu ditu sindikatuak Euskal Herriko hainbat eskualdetan, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Bilbon iragarri duenez.

Leloak agerian uzten ditu LABen helburuak sindikatu gisa, Aranbururen ustez. Xede horiek lortzeko, pentsiodunen, emakumeen eta langileen mobilizazioa “sendotu” beharraren aldeko apustua egin zuen.

Lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko lantokietan protestak eta grebak bultzatzen jarraituko dutela ohartarazi zuen Aranburuk prentsaurrekoan.

 

CCOO eta UGT: "Haserre handiaren bozgorailu izango gara"

 

Azkenik, Euskadiko CCOOk eta UGTk manifestazio bateratuak egingo dituzte maiatzaren 1ean, EAEko hiriburuetan, “haserre handiaren bozgorailu” bihurtzeko asmoarekin.

Loli Garcia (CCOO) eta Raul Arza (UGT) idazkari nagusiek zabaldu nahi duten mezuaren berri eman zuten prentsaurrekoan. Espainiako Estatuan egin bezala, Bilbon, Gasteizen eta Donostian manifestazio bateratuak egingo dituzte.

"Irabazteko garaia da. Berdintasun, enplegu hobe eta pentsio duinen alde" leloa aukeratu dute Euskadiko CCOOk eta UGTk Maiatzaren Lehenerako. “Prekarietate eta berdintasun ezaren aurkako borrokan” enfasi berezia jarriko dute horrela.

Gizon-emakumeen arteko “soldata arrakala ezabatzea” eta prekarietatearen aurkako “borroka” aldarrikapen nagusiak izango direla jakinarazi du Loli Garciak. “Aldi baterako kontratuak mugatu eta kaleratzeen baliabide erreza saihestu behar dira”, horren aburuz.

Euskadi “aldi baterako langile gehien dituen bigarren erkidegoa da” eta “ia kontratuen erdiak ez du hilabeteko iraupena”, Raul Arzak salatu duenez.

Arzaren ahotan, Maiatzaren Leheneko leloak esan nahi du UGTk eta CCOOk “berdintasuna irabazi” nahi dutela, eta “lan hobea, soldata handiagoak eta pentsio duinak” lortu nahi dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Albisteak Manifestazioak Sindikatuak