Ekonomia -

Langilearen Eguna

Emakumeak eta pentsiodunak, protagonistak Maiatzaren Lehenean

ELAk "pobreziari gerra" deklaratu dio, LABek bi orduko lanuztea iragarri du hilaren 30erako, eta CCOOk eta UGTk enplegu eta soldata hobeak "irabazteko ordua" dela defendatu dute.

CCOO eta UGTren manifestazioa Bilbon / EITB.
CCOO eta UGTren manifestazioa Bilbon / EITB.
ELAk gogor kritikatu du EAJ, emakumezkoen eguna izan den mobilizazioan

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langileak eta sindikatuak kalera irten dira Maiatzaren Lehenean, Langilearen Egunaren mobilizazioetan.

ELA: "Sobera inor ez"

Sobera inor ez lelopean, ELAk "pobreziari gerra" deklaratu dio Maiatzaren Lehenean, Bilbon eta Iruñean egindako bi manifestaziotan.

Bilbon egon da ELAko idazkari nagusia, Adolfo Txiki Muñoz. Iñigo Urkullu lehendakariaren "lidergo autoritarioa" salatu du, "beti gehiago nahi duen patronalaren zerbitzuan dagoelako".

Sindikalismoa "halabeharrez inoiz baino politikoagoa" izan behar dela esan du Muñozek, eta ELA "erasora" pasatuko dela "bizitza duin baten alde".

Idazkari nagusiak "gauza onak eta txarrak" nabarmendu ditu, Maiatzaren Lehenaren harian. Onen artean sartu ditu martxoaren 8ko mobilizazio feministak, pentsiodunenak eta Bizkaiko zahar-etxeetako langileen borrokaren emaitza. Baina "aldatzen ez diren gauzak daude", gaineratu du, eta "hemen ere" hazkundean desparekotasuna handiagoa dela gehitu du.

Iruñeko manifestazioan, Nafarroako ELAko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak, faxismoaren, xenofobiaren eta arrazakeriaren kontra borrokatzeko deia egin du. Horren esanetan, pobrezia areagotzen duten politikak daudenean ideologia horiek agertzeko arriskua dago; beraz, "berdintasunik ezaren kontra egiteko, aberastasuna banatzea" eskatu du.

"Harresi bat eraiki behar bada, merezi duen bakarra gero eta krudelagoa den kapitalismoaren injustiziaren aurkakoa da", esan du Lakuntzak, eta gehitu du etsaiak ez direla etorkinak, baizik eta armekin negozioa egiten dutenak, murrizketak ezartzen dituztenak eta kaleratzeak egiten dituztenak.

Nafarroako Gobernuaren erabaki batzuk ere zalantzan jarri ditu. "Ez da ulergarria Nafarroako defizita Espainiako Gobernuarekin adostea, herritarrei dirua sobera dagoela esatea gizartean behar asko daudenean, edota zergetan gizartea justuagoa egiteko erabakiak ez hartzea", esan du.

LABek bi orduko lanuztea egingo du maiatzaren 30ean

LAB sindikatua Euskal Herriko 25 udalerritan irten da kalera. Bilboko manifestazioan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak bi orduko lanuztea iragarri du maiatzaren 30erako sektore guztietan, pribatu zein publiko, estatalizazioaren eta prekarizazioaren aurka eta lan-harreman marko propioaren alde.

Aranburuk salatu duenez, prekarizazio prozesuak "ez dauka amaierarik" eta "olio orban bat bezala hedatzen ari da". Gainera, langileriarentzat lanera joatea "bizitza arriskuan jartzeko modu bat da", esan du. "Edo hiltzen gara edo lanean gaixotzen gara. Gaixotasun profesionalak sistematikoki egiten dituzte ikusezin", salatu du.

Lan Osasunaren Europako Agentzien datuak aipatuta, lan istripuetan hildako langile bakoitzeko 18 gaixotzen dira beharrean. "Hori eskandalua da, patronalaren indarkeria", gehitu du.

LABeko idazkari nagusiak "mobilizazio soziala inoiz baino biziago" dagoela eta pentsiodunen eta emakumeen protestak ekarri ditu gogora. Borrokan murgilduta dauden beste sektore batzuetakoak ere gogoratu ditu; Vicinay, Bizkaiko bulegoak, Productos Tubulares, Alfa, Dia, Tubacex, Gipuzkoako hotelak eta hezkuntza, tartean.

"PP-EAJ binomioa neoliberalismoaren oinarria" da, "kapitalaren aldeko klase proiektu bera" dutelako komunean.

"Ustekabean harrapatu al zaituzte EAJk Estatuko Aurrekontu Orokorren tramitazioa errazteak? Ustekabean harrapatuko zaituzte aurrekontuak onartzea? Segur aski, ez, dena antzezpen baten parte delako", gehitu du.

Aranbururen ustez, pentsioen inguruko akordioa "ez da nahikoa" azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko.

LABek 25 manifestazio deialdi egin ditu Euskal herri osoan
LABek 25 manifestazio deialdi egin ditu Euskal herri osoan
LABek 25 manifestazio deialdi egin ditu Euskal herri osoan

CCOO eta UGTren manifestazio bateratuak

CCOO eta UGT sindikatuek manifestazio bateratuak egin dituzte euskal hiriburuetan. Bilbon, berdintasunean eta enplegu eta soldata hobeak 'irabazteko ordua' dela defendatu dute, eta elkarrizketa sozialaren egoeraren erantzule egin dute Eusko Jaurlaritza.

Biek uste dute Confebask eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako akordioa "desleiala" dela. Hitzarmen horren ostean hartu zuten sindikatuek mahaia uzteko erabakia. Jaurlaritzari akordio hori bertan behera uztea eskatzen diote negoziazioa berriz hasteko.

Loli Garcia CCOO Euskadi sindikatuaren idazkari nagusiaren arabera, hazkunde garaia langileengana ez heltzea "ez da onargarria", eta "aldaketak egon ezean, mobilizazioak egongo dira", ohartarazi du.

Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, "aldarrikapenez bete behar dira kaleak krisiak kendu dizkigun eskubideak lortzeko".

'Irabazteko garaia' dela defendatu dute CC.OO. eta UGT sindikatuek
'Irabazteko garaia' dela defendatu dute CC.OO. eta UGT sindikatuek
'Irabazteko garaia' dela defendatu dute CC.OO. eta UGT sindikatuek

Iruñeko manifestazioan, gainera, Nafarroako CCOOko idazkari nagusi Chechu Rodriguezek "lotsagarritzat" jo du 'La Manada'ren aurkako epaia. UGTko Jesus Santosek, bere aldetik, boto partikularra "eskandalagarria" dela esan du, eta Kode Penala aldatzeko beharra azpimarratu du.

Aberastasuna banatzea

CGT, CNT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuek elkarrekin ospatu dute Maiatzaren Lehena. Lana eta aberastasuna banatzea eskatu dute; izan ere, susperraldi ekonomikoa ez dator bat langileen egoerarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Langileen nazioarteko eguna Ekonomia Manifestazioak Sindikatuak