Ekonomia -
Errenta-aitorpena
Errenta-kanpainaren hasieran 171 milioi itzultzea espero du Bizkaiko Ogasunak
Kanpainaren aurreneko egunetan 206.000 bat zergapekori 171 milioi euro itzultzea aurreikusi du. Errenta-aitorpena aurkezteko epea asteazken honetan hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.
Agentziak | Erredakzioa
2017ko ekitaldiari dagokion errenta-kanpainaren lehen egunetan, 206.000 bat zergapekori 171 milioi euro itzultzea aurreikusi du Bizkaiko Foru Ogasunak. Errenta-aitorpena aurkezteko epea asteazken honetan hasi eta ekainaren 30an bukatuko da.
Kanpaina hasi baino lehen, apirilean, 333.835 errenta-aitorpen proposamen bidali zizkien Ogasunak zergapekoei; horietatik 223.158 dirua itzultzeko izango dira, eta 110.677, berriz, ordaintzekoak.
Aldeko proposamenen % 8 bakarrik errefusatu edo zuzendu dituzte zergadunek. Sartu beharreko tributu-zorren kasuan, ekainaren 29a baino lehen onartu edo baztertu behar dira, Bizkaiko Aldundiak azaldu duenez.
Proposamenarekin konforme agertu diren 206.000 zergapekok ez dute tramiterik egin behar izan; ondorioz, Ogasunak datozen egunetan itzuliko die likidazioa. Aurreneko egunetan, 171 milioi euro itzultzea espero du altxor publikoak.
Guztira, 395 milioi euro itzuliko dituzte
Ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kanpaina osoan, 395 milioi euro itzuliko dituela uste du Foru Ogasunak. Horrela, bizkaitarren hamarretik zazpik batez beste 980 euro jasoko dituzte.
Kanpaina osoan, 571.000 errenta-aitorpen bideratzea espero du Bizkaiko Ogasunak. PFEZ edo Ondare aitorpenaren aurrean sor daitekeen edozein zalantza argitzeko, errentaren webgunean, 94 608 3000 telefonoan edo Ogasun eta Finantza Departamentuaren bulegoetan, informazio guztia eskuragarri izango dute zergapekoek.