Ekonomia -
Ministro Kontseilua
Gobernuak gaur onartuko ditu pribatizazioak eta 426 euroen amaiera
Halaber, baliteke ezusteko beste neurri bat iragartzea: tabakoaren zergak igotzea.
Erredakzioa
Ministroen Kontseiluak krisiaren aurka iragarritako azken neurri-sorta onartuko du gaurko bileran. Besteak beste, langabeentzako 426 euroko diru-laguntzen amaiera, enpresa ertainei eta txikiei zergak jaistea eta AENAren eta loterien pribatizazio partziala onartuko dute.
Halaber, baliteke ezusteko beste neurri bat ere iragartzea: tabakoaren zergak igotzea.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak asteazkenean iragarri zituen neurriak, eta bertan behera utzi zituen Boliviako bira eta uko egin zion Mar de Platako (Argentina) Iberoamerikar Goi-bileran parte hartzeari, gaurko bileran egon ahal izateko.
Neurri-sortaren helburua enplegua eta enpresen inbertsioa sustatzea da.
Hori horrela, enpresa txikiei eta ertainei elkarteen gaineko zerga jaitsiko diete. Hain zuzen ere, % 25eko tasa murriztua izan lezaketen enpresen kopurua handitu egingo dute, eta aurrerantzean 300.000 euro arteko mozkinak dituzten enpresei zabalduko zaie (egun 120.000koa da muga).
Gainera, enpresa txikiak 10 milioi euro arteko fakturazioa dutenak izango dira (egun 8 milioi euro artekoak dutenak dira).
Neurri horiekin batera, Gobernuak Estatuko Loterien % 30 eta AENAren aireportuetako kudeaketaren % 49 pribatizatuko dituzte, eta Madrileko eta Bartzelonako aireportuak lehiaketa publikoan jarriko dituzte.
Azkenik, langabeentzako 426 euroko diru-laguntzak kendu egingo dituzte. Otsailean emango dituzte azkenekoz.