Ekonomia -
Ekainaren 1era arte
1.751 enpresa parte hartzen ari dira Makina-erremintaren azokan, BECen
21 herrialdetatik etorritako ordezkari 3.000 produktu eta 1.200 makina inguru erakusten ari dira. Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du parte inaugurazioan.
Agentziak | Erredakzioa
21 herrialdetako 1.751 enpresa 3.000 produktu eta 1.200 makina inguru erakusten ari dira makina-erremintaren bi urtez behingo azokan (BIEMH). Erakusketak BECen sei pabiloiak hartu ditu.
Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu du aurtengo edizioa 11:00etan, Arantxa Tapia eta Maria Jesus San Jose sailburuek lagunduta. Azoka ostiralera arte zabalik egongo da.
30. edizioa makina-erremintaren sektoreak bizi duen "une positiboaren erakusgarri ona" izango dela uste du Xabier Basañez Bilbao Exhibition Centreko (BEC) zuzendari nagusiak. Era berean, erakustoki teknologikoa izango dela nabarmendu du.
Basañezen hitzetan, "testuinguru egonkor eta inbertsiorako aldeko aurreikuspenekin", atzerriko enpresen parte-hartzeak (% 47) "azken urteetako zenbatekorik onena lortuko du aurten", eta negozio aukera "onak" izango dira.
Portugal, Alemania, Italia eta Frantziak erakusketari kopururik handiena dute, baina Japonia, Austria, Belgika, Bulgaria, Txina, Danimarka, Eslovakia, Ameriketako Estatu Batuak, Herbehereak, Israel, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Suitza, Taiwan eta Turkiako konpainiak ere azokan parte hartzen ari dira.
Enpresek erakustazokako sei pabiloiak hartu dituzte. Osagai eta osagarrien sektoreak (% 26) ordezkaritza zabalena du, ondoren abio-makineriak (% 22), erremintak (% 15), deformazio-makineriak (% 14), robotika eta automatizazioak (% 9), metrologia eta kalitate kontrolak (% 9) eta gainerako makinek (% 5).
Gainera, 4. pabiloia (Bizkaia Arena) '4.0 pabiloia' bihurtu da. 4.0 industriarentzako produktu eta zerbitzuak bertan dira 3D eta Ekoizpen Gehigarriko Azokaren (ADDIT3D) hirugarren edizioan eta 'BeDIGITAL by BIEMH' teknologia digitalen foroko aurreneko edizioan.
Bi urtez behingo azokaren garrantzia azpimarratu du Arantxa Tapia sailburuak, "munduan Euskadi industria marka sendotzeko". Zentzu horretan, azokak EAEko enpresen gaitasun teknologikoa "erakustea" posible egiten duela goraipatu du Tapiak.
Bestalde, IMIC (Industrial Maintenance Innovation) industria mantentze-laneko azoka eta Workinn enplegu industrialeko hirugarren foroa egingo dute. Erakundeek eta enpresek ia 200 lan eskaintza aurkeztuko dituzte, profil profesional ezberdinentzako.