Ekonomia -
Merkatuak
Ibex 35ek % 2,49 behera egin du Espainiako eta Italiako tentsio politikoaren ondorioz
Zorraren merkatuan, Espainiako arrisku-sariak gora egin du, eta 137 puntutan kokatu da, 2017ko apiriletik altuena.
Agentziak | Erredakzioa
Ibex 35 Espainiako Burtsaren indize nagusiak % 2,49 behera egin du, eta 9.600 puntuko mugatik jaitsi da, otsailetik beherakadarik handiena. Espainiako Gobernuari aurkeztutako zentsura-mozioak eta Italiako krisi politikoak Burtsari eragin diote.
9.521,30 puntutan itxi du saioa indizeak. Bosgarrenez jarraian behera egin du. Gaur 243,10 puntu galdu ditu. Honezkero urteko galerak % 5,20koak dira.
Zorraren merkatuan, Espainiako arrisku-sariak gora egin du, eta 137 puntutan kokatu da, 2017ko apiriletik altuena.
Azken mugimenduen zain egon dira inbertitzaileak, PSOEk Mariano Rajoyren Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztu ondoren; izan ere, sozialisten zein Ciudadanosen pausoek legealdiaren etorkizuna zalantzan jarri dute.
Italiako agertoki politikoak ere inbertitzaileen alarma guztiak piztu ditu. Trantsizio gobernu berriak Parlamentuaren babesik ez izateko beldur dira. Horrek Italia hauteskunde berri batzuetara bultzatuko luke, eta litekeena da, 5 Izar Mugimenduari eta Iparraldeko Ligari mesede egitea.
Era berean, tentsio politikoek Europako burtsei eragin diete: Milanek % 2,65 egin du behera; Frankfurtek % 1,53; Parisek % 1,29 eta Londresek % 1,26. Bitartean, 2017ko azarotik mailarik kaskarrenean kokatu da euroa, 1,155 dolarretan.