Ekonomia -

Lan-gatazka

Bertan behera utzi dute Gipuzkoako bidaiarien garraio zerbitzuko greba-deialdia

Sindikatuek eta patronalak aurre-akordioa lortu dute arratsalde honetan eta, ondorioz, langileen ordezkariek datozen egunetarako iragarrita zituzten lanuzteak bertan behera uztea erabaki dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek bertan behera utzi dute Gipuzkoako bidaiarien garraiorako zerbitzuan ekainaren 19an, 22an eta 25an deitu zituzten lanuzteak, patronalarekin aurre-akordio batera heldu ostean.

Sindikatuek agerraldia egin dute goizean, patronalak "negoziatzeko borondaterik ez" duela eta grebara joko dutela jakinarazteko.

Alabaina, prentsaurrekoaren ondotik, arratsaldean, patronalak bilera batera deitu sindikatuak eta batzar horretan aurre-akordio batera iritsi dira. Datorren ekainaren 19an sinatuko dute ituna. Horrenbestez, sindikatuek greba-deialdia bertan behera utzi dute.

Aurre-akordio horrek langileen aldarrikapenak biltzen ditu: galdutako eros-ahalmena berreskuratzea; lan-erreformaren aurrean, euren lan-hitzarmena aplikatuko dela bermatzea eta ultraktibitatea aitortzea; subrogazioa bermatzea; eta lan-baldintzei lotutako ebazpen judizialak betetzea.

Lan-hitzarmena indarraldia 2017ko abenduaren 31n amaitu zen. Negoziazioak joan den apirilean hasi zituzten eta urrian hitzarmenaren balio 2018ko ekainaren 30era arte luzatzea adostu zuten.

Gaurko bileran, lan-hitzarmen berria datorren irailetik aurrera negoziatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Sindikatuak Bidaiak 2023